Metroaren geltoki berriak xehetu ditu Elorzak
Odon Elorza alkateak Easo eta Lugaritz artean metroak izango duen ibilbidea xehetu du. Eusko Jaurlaritzak ibilbidearen diseinua abendurako onartuko dutela adierazi du. Eraikitzen hasteko proiektua, berriz, 2011ko ekaina-uztailerako prest egon liteke eta lanak abiarazteko lehiaketa 2012 amaieran abian jarriko dela zehaztu du alkateak. Egitasmo honen inbertsioa 220 milioi eurokoa izango da.
Irun, Errenteria, Lasarte ala Zumaiatik datozen herritarrek Zuatzu, hondartza ala hondartzara, trenetik jaitsi gabe, iritsi ahal izango dira azpiegitura honekin. Horretarako, Lugaritz eta Easo artean geltoki hauek eraikiko dituztela azaldu du Elorzak:
1. Benta Berri. Zarautz hiribidearen azpian zulatuko dute geltokia. Jose Goikoa eta Eugenio Imaz kaleetan izango ditu sarrera irteerak.
2. Ondarreta. Matia kalearen erdialdean egongo da geltoki hau, eta Heriz pasealekutik nahiz Matia kaletik sartzeko aukera egongo da.
3. Zaragoza plaza. Kontxara joan nahi dutenak bertara iritsiko dira. Sarreretako bat San Martinek eta Urbietak bat egiten duten lekuan izango du. Bestea, Zubieta kalean, Kontxara jotzen duen kalexketako batean.
4. Easo. Egungo geltokia lur azpian geratuko da eta Osasunaren kalearen azpialdean egongo da. Bertara iristeko, Easo plazan eta Autonomia kalean egingo dituzte sarrerak.
5. Morlans. Auzune berriaren beharrei erantzuteko, geltokia egingo dutela iragarri du Elorzak. Errondo pasealekuaren parean eraikiko dute.
6. Loiolako Erribera. Renfeko tren zerbitzuarekin bat egingo duen geltokia izango da. Zorroaga pasealekuan eraikiko dute.
Ibilbidean aurrera, Loiolan, Intxaurrondon nahiz Altzan egingo dituzten geltoki berriak leudeke.
EuskoTren zerbitzua Norteko geltokira iristea aztertzen ari dira, halaber. Alkateak aipatu ez badu ere, Easotik Egiara doan zerbitzua gauzatzea aztertzen ari dira. Ibilbide honek, Askatasunaren hiribidean, Atotxan eta Egiako Plaza Haundin izango lituzke geltokiak.