Gautena Gipuzkoako Autismoaren Elkartearen eraikin berriak ateak ireki ditu. Berion dagoen zerbitzua behin behineko eta behin betiko egonaldietarako bi etxebizitzek osatzen dute
Etxebizitza eta aldi baterako egonaldi zerbitzu berria du Gautena Gipuzkoako Autismoaren Elkarteak. Udalak utzitako 1.516 metro koadroko Berioko orube batean altxa dute etxebizitza, 2007an ateak ireki zituen eguna pasatzeko eraikinaren parez-pare. 60 urtez ustiatu ahal izango duen Berioko zerbitzuarekin, sei dira bizitzeko edo egonaldietarako dituzten zerbitzuak. Guztira 75 dira talde etxebizitza hauetan bizi diren lagunak. Gautenako presidente Juan Ciden hitzetan, beraien beharrei egokitutako bizilekuak «autismoa dutenei bizitza duina izatea ahalbidetzen die, eta senideei bizitza normalagoa izatea».
Ateak ireki berri dituen eraikinak hiru solairu ditu. Lehen solairua bi etxebizitzatan banatuta dago. Bakoitzak sei logela, sukaldea, bi komun eta egongela ditu. Eskuinekoa, sei lagunentzako tokia duen bizitoki egonkorra da. Ezkerrekoa, berriz, zortzi lagunentzako prestatutako behin behineko egonaldietarako pisua. Cidek azaldu zuenez, «astegunetarako, asteburuetarako eta krisialdietako esku-hartzeetarako erabiliko da». Txandakatzearen bidez, autismoa dutenen senideen eskaerei erantzuteko aukera dutela gogoratu zuen Cidek, zerbitzu berria 100 bat familiarentzat erabilgarri izango dela aurreikusiz .
Bizilekuez gain, etxebizitzen azpiko solairuan, aparkalekua, garbigailua, janari biltegia eta laguntzaileen aldagelak daude. Gainekoan. aldiz, eskulan, sukaldaritza edota bestelako talde ekimenetarako baliagarri diren bi areto.
Autonomia garatzea, xede
Etxe berria duten sei lagunek ia hilabete daramaten bertan. Olatz Aizpuru etxebizitzaren arduradun laguntzaileak argitu duenez, era honetako zerbitzuen erabiltzaileen artetik aukeratu dituzte, izaeraren eta adinaren arabera. Bakoitzak logela bat du eta bere gustu eta nahien arabera egokitu dute. Egonaldietarako erabiliko direnetan, aldiz, ez dute pertsonalizatu «jende asko eta anitza pasatuko baita». Biak ala biak, egokitutako etxebizitzak dira, inolako oztopo, koska edota arrisku gabeak. Geletako armairu, kaxoi edota igogailuan erabiltzaileei ezagunak zaizkien irudiak dituzte, laguntza gisa. Izan ere, ahal duten heinean beraien kasa moldatzea baita xedea. «Ahal dutena egin dezaten sustatzen dugu, autonomia gara dezatela», baieztatu zuen Aizpuruk. Hala ere, biztanleek, zenbait eginbeharrez arduratuko diren laguntzaileak izango dituzte. Aldi baterako ostatu hartuko duten lehenak asteburuan iritsiko dira. Atzo, ordea, erakundeetako ordezkariek eta elkarteko sendiek izan zuten eraikina ikusteko aukera.
Lankidetzaren emaitza
Eraikinak ia 1,4 milioi euroko gastua izan du. Hauen %75 Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika departamentuak finantzatu du, eta gainontzeko %25 Kutxaren Gizarte ekintzak. ONCE Fundazioak, aldiz, 40.000 eurorekin lagundu du hornikuntza. Etxebizitzen inaugurazioan izan ziren erakunde horietako ordezkariak. Guztiek Odon Elorza alkateak lehenik aipatutako «ahalegin partekatua» goraipatu zuten eta, orain arte bezala, etorkizunean ere elkarrekin gauza asko egingo dituztela aurreikusi zuten.
34 urteko ibilbidean Gautenak gizarte zerbitzuei egindako ekarpena gogoratu zuen Gizarte Politikako foru diputatu Maite Etxanizek. «Duintasuna, unibertsaltasuna eta solidaritatea» baloretzat dituzten gizarte zerbitzuen garrantzia nabarmendu zuen, hauen maila eta garapenak « gizartearen kalitatea erakusten baitu».