Altzako geltokiaren erakusketa, Tomasenen
Duela hamaika urte plazaratutako “erokeria” errealitate bilakatzetik hurbilago dagoela dio Odon Elorza alkateak. Altzako tren ala metro geltokia eraikitzeko asmoek, behinik behin, indar handiagoa dute egunetik egunera. Eusko Jaurlaritzaren erronka argi adierazteko, erakusketa zabaldu dute Altzako Tomasene kultur etxean.
Martxoaren 26ra arte zabalik egongo den erakusketan, Donostialdeko metroak izango duen ibilbidearen inguruko xehetasunak eskaintzen dituzte material grafiko eta ikus-entzunezko bidez. Altzatarrek, era berean, Felix Iranzo pasealekuaren azpian egingo duten geltokiaren berri dute bertan. Hala nola, Larratxoko pasealekuan eta Arriberrin eraikiko dituzten sarbideak zehazki zein lekutan egongo diren irudikatzen dituzte.
Trenak Altza azpitik igarotzen ikusteko zenbait urte beharko dira. Erakusketan aditzera ematen dutenez, 40 hilabete beharko dituzte «erorekia» egi bihurtzeko. Horretaz gain, 126 milioi euroko aurrekontua beharko da metroari lekua egiteko.
Lanak, baina, noiz has daitezke? Ernesto Gasco Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak lanei 2013an ekin diezaieketela aditzera eman du. Honela, 2016. urtetik aurrera geldi daitezke lehen trenak Altzako geltokian.
Iñaki Arriola Garraio sailburuak azpimarratu duenez, 21.500 auzotarrentzat aurrerapauso handia izango da, Erdialdea edota aireportua bertatik bertara izango dituztelako. Topoak egun duen maiztasuna handituko da, halaber, etorkizunean 7,5 minuturo igaroko direlako trenak Altzatik.
Hiru tarte
Altzan baino aurreratuxeago dabiltza hiriko beste trenbide tarte batzuetan bikoizte lanetan. Hain justu, Laste-Errekalde, Errekalde-Añorga eta Loiola-Herrera eremuetan jo eta ke ari dira lanean jada. Hortaz, Añorgako edota Intxaurrondoko geltokiak lehenago zabalduko dituzte.
Gasco sailburuordearen hitzetan, Donostialdeko Metroak 2020a du jomuga.