Ikus-entzunezkoen Gunearen inaugurazioan platoetara bisita egin dute. (Argazkia: Xabier Etxabe).
Zuatzun irudimena bor-bor ari da. Agintariek Ikus-entzunezkoen Gunearen ateak zabaldu dituzte eta sormenak bi eraikinotako mugak gainditzen dituela erakutsi zuten atzoko inaugurazio ekitaldian.
Honezkero, agintarien zalaparta ixildu da, irudimenaren eltzeak irakiten jarraituko du, baina; ikus-entzunezkoen alorra gailurrera iristeko. Egun, 123 enpresa eta 888 langile ari dira hirian sektore honetan lanean eta hiriko Barne Produktu Gordinaren %0,9a osatzen du. 2015rako kopuru honek gora egingo duela zalantzarik ez dute.
%30a dago beteta
Mugarik ez dute ezarri, Ikus-entzunezkoen Guneak aukera eta bide berriak irekiko dituela uste baitute. Zuatzun altxa dituzten bi eraikinetan ikus-entzunezko, multimedia eta eduki digitalen sektoreko 60 enpresa sartzeko lekua egongo da. Dagoeneko lokalen %30a alokatuta dago eta urte amaierarako %60ra iristea aurreikusi dute.
Alkatearen parodia
Errenta merkeaz gain, puntako teknologiaz hornituriko gelak dituzte enpresak eskuragarri. Atzoko irekieran parte hartu zuten enpresek, behinik behin, horiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko ahalmena dutela erakutsi zuten.
Ikus-entzunezkoen Guneak 75 eta 120 metro koadroko bi plato ditu irudi digital nahiz eszenografia digitalekin aparteko lanak egiteko. Atzo, esaterako, iragarki bat osatzen ari ziren platoetako batean. Paisaia birtualak baliatuz, auto bati argazkiak ateratzen ari ziren. Bestean, aldiz, Santi Ugalde eta Oscar Terol aktoreak, Goya sariak bailiran, Olla sariak banatu zituzten. Sarituen artean, Odon Elorza alkatea –Oscar Terolek irudikatuta– zegoen. Saria jasotzerakoan, Zuatzura heltzeko bidegorria, Ikus-entzunezkoen Gunean bizikletentzako biribilgunea eta Donostia 2016ko hautagaitzaren harira, Urumean 16 zubi eraikiko zituela adierazi zuen.
Plato, prestakuntza eta postprodukziorako areto eta enpresek elkarrekin izango dituzten gainerako eremuek, hain zuzen, «elkartasuna» indartuko dutela iritzi diote agintariek. Elkarrekin lan egiteko aukera izateak produktu berriak eta sektore lehiakorragoa eratzeko bitartekoak eskainiko dituela aipatu du Odon Elorza alkateak.
Zuatzuko enpresa gunean egunero lanean ariko direnen artean bakarrik ez, Ikus-entzunezko klusterra osatzen duten hamar agenteek (Eitb, Zinemaldia, Ibai, Gaia, Tecnalia…) ere euren arteko lankidetza susta daitekeela adierazi dute. Tabakalerako Esperanza Luffiegok, hala nola, elkarren osagarri izan daitezkeela azpimarratu du. Profesional berriak trebatzeko bitartekoak eskaini edota, ikus-entzunezko behatokiaren bidez, sektorearen ahulezi eta indarguneak identifika ditzaketela aditzera eman du.
Ikus-entzunezko arloaz haratago, Zuatzuko eraikinok enpresa gune osoarentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskainiko ditu; haurtzaindegia, esaterako. Udaletxean dagoen udal artxiboa ere, digitalizatzearekin batera, Zuatzuko eraikin hauetara lekualdatuko dute.
Horretaz gain, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena egiteko apustua egin du Sustapen Elkarteak. Izan ere, geotermia baliatu dute eraikinaren klimatizazio eta berokuntzarako. Teilatuan ere eguzki plakak jarri dituzte eta aurrealdeko hormak karbono dioxidoa xurgatzeko materialez eginda daude. Era horretan, 100.000kw eta 20.000 euro inguru aurrez ditzaketela jakinarazi dute.
2003. urtean mahai gainean jarritako erronka, beraz, zortzi urteren ondoren gauzatu da. Bidean, gainera, hainbat gorabeherei egin diete aurre, enpresa eraikitzailea desagertu baitzen eta lurra berdintzeko hamaika arazo izan zituztelako, luizien ondorioz.