Norena da errua?
Xabier Otaegi, pailazoa
Antso Jakitunaren etorbidean ikusi nuen joandakoan: Fruta denda baten aurreko farolaren ondoan zegoen fruta kaxa bati pixa egitera zihoan txakurra oihu batez uxatu zuen fruta saltzaileak. Sustoak eraginda txakurrak ihes egin eta ondoko bidegorritik kanpora zetorren txirrindulari batek gurpilpean harrapatu eta bera ere muturrez aurrera erori zen txakurraren gainera. Segundo batean gertatu zen hau dena.
Ondorengoak minutu eskasa iraun bazuen ere ez da erraza esplikatzen, baina saiatuko naiz: Txakurraren jabeak fruta saltzaileari errieta egin zion txakurrari garrasi egiteagatik. Honek, bere fruta gainean pixa egin behar zuelako uxatu zuela erantzun zion, txakur jabeak ziklistari txirringentzako bide egokitik kanpora ibiltzeagatik demanda egiten zion bitartean. Txirrindularia ez zen honegatik kikildu eta handik pare bat metrotara, bidegorriaren erdi-erdian, furgoneta bat aparkaturik ez balego ez zukeela egindako maniobra okerrik egiteko beharrik izango esan zion. Txakur jabeak fruta saltzaileari so egin eta farola ondoa ez zela fruta kaxak lagatzeko leku egokia leporatu zion segidan, bere txakurrak egunero farola horri pixa egiteko ohitura zuela eta ea zergatik utzi zituen hor kaxak galdetzearekin batera, istant horretan iritsi zen furgoneta gidariari zuzendu zizkion hurrengo kolerak. Alegia zergatik karajo utzi zuen txirringen bidegorrian furgoneta. Garraiolariaren bozak estali zituen momentuz besteen kexuak, denda horretara mandatua ekartzera etorri zela eta ez zegoela ingurumari osoan bere autoa aparkatzeko gunerik. Ziklistaren haserreak erantzun zion txoferrari, bidegorriak bizikletentzat direla soilik, ez direla furgoneten geltoki. Kamiolariak orduan, fruta denda horrelako leku arraroan jarri izan ez balute ez zukeela horrelako arazorik edukiko. Frutalariak, bere denda nahi zuen lekuan zabal zezakeela eta ez pitokeriarik esateko. Txakurjabeak txanda hartu zuen esanaz fruteroak denda nahi zuen lekuan zabal zezala baina frutak, kaxak eta furgonetak denda barruan edukiz eta ez espaloiaren erdian. Frutariak sutan, txakurrek badutela pixa egiteko farolak baino leku egokiagorik. Ziklistak, txakurrarekin egindako estropezuz erortzean hartutako minaren ondorioak, txakurraren nagusiak ordaindu beharko zizkiola. Txakurjabeak ezetz, furgoneta gidariarena zela errua. Gidariak ea burutik egina zegoen, errudunik egotekotan fruta saltzailea zela kulpaduna fruta kaxak espaloian, farola ondoan uzteagatik. Dendariak, kaleetan banatzaile furgonetentzat aparkaleku aproposik balego ez luketela horrelako eztabaidarik izango. Txakurraren nagusiak orduan txoferraren alde jarri eta fruta kaxak espaloian, farola ondoan soberan zeudela aipatu zuen. Ziklistak lortu zuen hitz egitea, txakurrak ondo hezi behar direla eta farolak ez direla txakur komunak. Frutariak baietz, egi borobila zela hori, higiene falta izugarria zela txakurrek nonahi pixa egitea… Ez zuen ika-mika harek itxura onik, baina fruta dendatik, erosketa egin ondoren atera zen andratxo batek esandakoak konpondu zuen egoera latz hura bat-batean. Denek amore eman zuten. Norberak bere kaxa, txakur, bizikleta eta furgoneta hartu eta alde egin zuten. «Errua norena den?– esan zuen andreak– Fruta kaxak espaloi erdian kokatzen uzteagatik, txakurrei edonon pixa egiten uzteagatik, furgonetak aparkatzeko lekurik ez eraikitzeagatik eta, batez ere, Antso Jakitunaren espaloi erdian bidegorria jartzegatik, alkatearena da errua!».