Gazteak ur azpiegitura sisteman adituak bailiran aritu dira
Udal hautagaiek maiatzaren 22an igaro zuten 18 urtetik gorako herritarren azterketa. Atzokoan, berriz, gaztetxoenen txanda izan zen. Hauteskunde kanpainaren deiadarrik izan ez badu ere, Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten 27 ikastetxeetako hainbat gaztek udal zinegotzien lekua bete dute. Urak gizakiaren bizimoduan duen garrantzia aintzat hartuta, ur kudeaketan hiria hobetzeko proposamenak egin dituzte.
Miguel Angel Diez Ingurumen zinegotzia, Alberto Rodriguez Hiri Mantenu zinegotzia eta Enrique Noain Añarbeko Urak-eko presidentea izan dira haurren eskaerak entzun eta erantzun dituztenak. Gazteek aurkeztutako proposamenek, dena den, adituek egiten dituztenekin alderik ez dutela eta balio handikoak direla azpimarratu dute.
Proposamenak
Ahalik eta ur kopururik handiena aurreztea da haurrek egindako eskaeren baitan nagusi den jomuga. Horregatik, jolas parke eta lorategietan iturri gehiago jarri bai, baina guztiei aurrezteko sistema jartzea eskatu dute. Gazteek, gainera, euren auzo eta ikastetxe inguruko iturrien egoera arakatu dute eta eskaera zehatzak egin dituzte: Bidebietako frontoiaren ondoan iturri bat jartzea, Olaeta plazan komunak eta iturriak hobetzea, Parte Zaharreko Konstituzio eta Trinitate plazan iturri beharrean direla, Urgulleko eta Egiako parkeko iturrien ur emaria txikitzea…
350 iturri
Alberto Rodriguez zinegotziak aditzera eman duenez, Donostiak 350 iturri ditu. Iturri gehien duen Europako hiria dela dio, «Suitzaren aurretik». Guztietan emaria kalkulatzeko neurgailuak jartzea ezinezkoa litzatekeela adierazi du. Hala ere, itoginak eta alferrikako isuriak ekiditeko egin den ahalegina handia izan dela azpimarratu du Rodriguezek. Baieztapen hori egiaztatzeko, 2005 eta 2010 urteetako ur kontsumoak alderatu ditu. 2005ean Donostiak 24 miloi metro kubiko ur behar izan zituela eta 2010ean 16 milioi izan zirela azaldu du.
Iturriez gain, ura beharrezkoa duten beste zerbitzuetako bat komun publikoak dira. Hiri Mantenu zinegotziak plazaratu duenez, 59 daude hiriko kaleetan barreiaturik. Asko bakarrik garbitzen diren horietakoak direla dio; besteetan, berriz, elbarriak ari direla lanean nabarmendu du Rodriguezek.
Agiri argiagoa
Kalez kale ibiltzeaz gain, udaletxeak ezartzen duen tasari hobekuntzak ezarri eta etxeetara iristen den agirian okerrak ikusteko gai izan dira. Agiria argiagoa izan dadila aldarrikatu dute. Tasak, berriz, bereizketak egin ditzakeela uste dute gazteek. Hala nola, batez besteko ur kontsumo muga finkatuko duen muga bat jarri behar dela eta hori gainditzen duten herritarrei gehiago ordainarazi ala isunak ezarri behar zaizkiela aditzera eman dute. Uraren prezioa, era berean, garestiagoa izatea proposatu dute, neurriz erabil dadin. Futbol zelaia edota lorategia dutenei, alegia, gehien kontsumitzen dutenei zerga bereziak ezarri beharko litzaiekeela esan dute.
Euri ura baliatzea
Gazteen beste kezketako bat euri urari behar besteko etekina ateratzea da. Hala, bere erabilpena sustatzeko deia egitearekin batera, euri uren eta hondakin uren sarea bereiztea eskatu dute gazteek. Enrique Noainek kontatu dienez, estolderia sistema aldatu eta bereizitako sarea ezartzea ikaragarrizko lana izango litzateke. Halere, etorkizuneko joera espaloi eta kaleetan ura xurgatuko duen baldosak jartzea izango dela aurreratu die gazteei, euri ura baldosa azpiko lurrak xurga dezan. Hala, ura ubideetatik garraiatzen ibili gabe, naturak irentsiko lukeela argitu die Añarbeko arduradunak.