(Argazkia: Xabier Etxabe)
Ez Egiako kiroldegira, ez Altzakora ezta Zuhaiztikora ere. Intxaurrondotarrek ez dute auzo batetik bestera ibili behar gimnasioan soinketa pixka bat egiteko, ez igeri egiteko ere, Siustegiko kiroldegia zabalik dagoelako jada. Estalitako igerileku eta gimnasioa, behinik behin, ireki dituzte. Ostirala bitartean, gainera, sarrera doakoa da ekipamendu berria bertatik bertara ezagutu nahi dutenentzat.
Aukera hori baliatuz, herritar ugari hurbildu zen atzokoan kiroldegira. Sarreran jendea artatzen ari den Imanol Olaizolak baieztatu duenez, jende ugari ibili da azken hilabeteetako lanaren emaitza nolakoa den gertutik ikustera. Horietako asko, gainera, kuxkuxean bakarrik joan ziren, igerilekura ala gimnasioara joateko arroparik ez zutelako soinean. Halere, eraikina barrutik miresteko bakarrik ez, bertara sartu ahal izateko beharrezkoa den Kirol Txartela eskuratzeko informazioa eske ere jende asko pilatu zen.
Orain arte, Kirol Txartela zuten intxaurrondotarrek inguruko kiroldegietara joatea beste aukerarik ez zuten. Imanol Altzako kiroldegian aritu da lanean gaurdaino eta hara maiz joaten ziren zenbait erabiltzaile ekipamendu berrira sartzen ikusi dituela aitortu du.
Spa berezia, urrian
Siustegiko kiroldegira sartzen diren guztiek, bada, 25 metroko luzera duen igerileku batean eta askoz ere txikiagoa den beste batean murgiltzeko aukera dute. 200 metro koadroko gimnasioan ere soinketa egin daiteke. Denera, 30 makina ditu, ariketa kardiobaskularrak egiteko 20 makina eta beste hamar muskuluak indartzeko. Begiralea egongo da gimnasioan, gainera, zalantzak argitu eta entrenamendu saioak prestatzeko.
Ekainaren 15etik aurrera, dena den, eskaintza eta erabiltzaile kopurua handitzea espero dute, estali gabeko igerilekua irekiko baitute. Kiroldegi kanpoaldean dauden kirol pistak, halaber, datorren asterako prest egongo direla aurreratu du atzo ekipamendua ikuskatzen ari zen Leire Landa Donostia Kirola patronatuko zuzendariak.
Uda amaituta, kirol ikastaro eskaintza zabala egongo da Intxaurrondon, era berean. Hiru gela egokitu dituzte ikastaro horietarako. Eraiki duten spa berezia ere urrian irekiko dute.