Gurutzeaga parrokia etxearen lehen harria jarriko dute igandean

Gurutzeaga elizaren atzeko aldean eraikiko dute parrokia eraikin berria (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Asteburu honetan jarriko dute Aieteko elizaren parrokia erakin berriaren lehen harria. Ekitaldian Jose Ignacio Munillak, Donostiako gotzainak, hartuko du parte eta urtebeteko lanei hasiera emango diote.

Aieteko Gurutzeaga elizaren parrokirako eraikin berria eraikitzen hasiko dira igandeko ekitaldiaren ondoren. Hain zuzen ere, lau soilairuko etxea elizaren atzeko aldean altxatuko dute. Azpiko aldean sotoa eta aparkalekua. Gainean, sakristia, bulegoak eta lokalak egingo dituzte. Biltzeko gelak, lehen solairuan izango dira; eta bigarrenean, berriz, apaiz etxea eta asmo anitzetarako gela. Lana urtebeteko epean amaituta izatea espero dute.

Obrak osatzeko milioi bat euro beharko dutela uste dute Gurutzeagako arduradunek. Horietatik 180.000 euro aurreratu ditu Donostiako gotzaitegiak; eta gainontzekoa hipoteka baten bidez finantzatuko dute. Ordainketa egiteko, ordea, Aieteko sinistunei laguntza eskatuko diete.

Zerbitzua, 15.000 aietearri
Gurutzeaga eliza 1926. urtean eraiki zuten ermita gisa, eta 1961.ean bilakatu zen parrokia. Aieteko bizilagunen kopurua «ikaragarri handitu» dela diote parrokiako arduradunek, eta berehala «15.000 laguni» zerbitzua eman beharko diotela argudiatuta azaldu dute eraikin berriaren beharra.

Lanen hasierak bat egin du Gurutzeaga parrokia bilakatu zeneko mende erdia ospatzeko egiten ari diren ekimenekin. Hain zuzen ere, urte honetan hainbat abesbatzen kontzertuak programatu dituzte data narbarmentzeko, eta irailerako parrokiarentzat diru iturria izango den erakusketa prestatzen ari dira.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend