Antonio Oteiza, gizakiaz eta santuez
Kutxa Boulevard aretoan artista donostiarraren erakusketa ireki berri dute
Donostian jaio zen, 1926an. Zazpi anaia-arrebetatik gazteena zen. Zaharrena, berriz, Jorge Oteiza eskultorea (Orio, 1908 – Donostia-2003). Antonio Oteiza fraide kaputxino izan zen. Kubara eta Venezuelara joan zen misiolari, eta han piztu zen bere eskulturgile bokazioa, ustekabean. Venezuelan zela kaputxinoak lurralde hartara iritsi zireneko 30. urtemuga ospatu zuten. Oroigarri moduko bat egin nahi zuen, eta eskultore baten bila hasi zen. Baina ez zuen topatu. Buztina eta behar zuen guztia aurkitu eta berak egin zuen. Bere anaia Jorge haren irakaslerik handiena izan zela dio artistak: «Nik hiru urte nituen, eta haren eskutik joaten ginen Pradoko museoa ikustera. Gero gure bideak banatu egin ziren, eta 40 urte igaro arte ez genuen berriz elkar ikusi». 1969an ia urtebete eman zuen Jorgerekin apostuluen frisoa eta Pietatea egiten. Bi anaiek batera lan egin zuten aldi bakarra izan zen. Sortzailea, eskulturgilea, idazlea, erlijioduna, abenturazalea.. Bere anaia Jorge bezain poliedrikoa da Antonio. Kutxa Boulevard aretoko hiru solairuak hartu dituzte haren eskulturek. Erlijio arteari, herri kirolei, musikari eta hainbat ofizio tradizionalei eskainitakoak dira. Erakusketa uztailaren 10a arte izango da zabalik.