Entzun, sentitu eta hunkitzeko
Manuel Rivas izango da Pentsamenduaren poesia literatur jardunaldiaren gonbidatua. Donostia Kulturak antolatutako ekimenaren laugarren ekitaldiko izarra izango da. Hamabi urteren ondoren itzuliko da hirira. Bere poema batzuk errezitatu, eta eleberrigile gisa egindako ibilbideaz ariko da idazle galiziarra.
‘O Lapis do carpintero’ (1998), ‘Que me queres, amor?’ (1996) edo ‘Os libros arden mal’ (2006)… Eleberrigile eta narratzaile gisa ezagunagoa bada ere, Rivas poesiaren bidetik hasi zen literatura munduan, 1980an. Bihar, Viktoria Eugenia klub aretoan irakurriko ditu poesia batzuk. Rivas, ordea, ez da bakarrik izango. Bost euskal poeta eta musikari bat izango dira emanaldi berean: Nerea Beldarrain, Leire Bilbao, Igor Estankona, Miren Agur Mebe eta Edu Zelaieta, eta Jon Makuso biolin jotzailea. Musikarekin girotutako poesia errezitaldia izango baita.
Emanaldi elebiduna izango da biharkoa. Ikusleek poesien itzulpenak eskuratu ahal izango dituzte, baita Manuel Rivasenak ere. Viktoria Eugenia hitzez eta musikaz bete ondoren, bihar solasaldia egingo dute Rivasekin, Liburutegi Nagusiaren ekitaldi aretoan (San Jeronimo kalean). Finisterre de la poesia izena eman diote poesia topaketari Felipe Juaristi, Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso idazleek: «Poeta gisa kezkatzen gaituzten gaien inguruan hitz egingo dugu Rivasekin. Bere ikuspegi literarioaz hitz egiteko; eta poeta batek inguratzen duen errealitatea nola irudikatu behar duen azaltzeko eskatuko diogu».
Lau idazleek ‘Poesiatik polisera’ manifestua idatzi dute aurtengo ekitaldirako. Poesia eta publikoaren arteko muga apurtzeko idatzia, hain zuzen: «Poeta badirudi bere marfilezko dorrean dagoela, eta hori ez da horrela. Oinak lurrean ditugu», adierzi du Otxotekok.
«Aurtengo manifestua polis hiria eta agorarekin lotu dugu. Greziarrek agoran edo plazan hartzen zuten hitza, eta eztabaidan hasten ziren. Hemen ere badago haserretuek hartu duten beste plaza bat. XXI. mendeko agora bihurtu daiteke hura, badirudi berriro ere hitza hartzen ari dela. Hitzaren indarra azpimarratzeko eta hitzaren errebindikazioa egiteko lotu dugu poetaren hitzarekiko jarduna agorarekin», jarraitu du Gorrotxategik. Haren ustez, «jendeak pentsamendua eta poesia ikusten duenean pentsatzen du zerbait aspergarria dela. Poesia ez dagoela ulertzerik. Baina sukaldariak ere poesia egiten hasi dira. Plater bat esplikatzen dutenean badirudi poesiaz ari direla. Eta horrek frogatzen du oraindik poesiak baduela indarra. Ingelesez kanta bat entzuten dugunean, askotan hitzak ez ditugu ulertzen baina hunkitu hunkitu egiten gara. Poesiara ere asmo horrekin hurbildu behar gara». Poesiaren kontzeptuari beldurra galduz gero, poesia «askoz gozagarriagoa» izango dela ziurtatu du: « Poesia emozioa transmitituko digun zerbait bezala ikusi behar dugu. Iaz gonbidatu gisa izan genuen Joan Margarit idazle katalanak esan zuen musika kontzertu batean jendea eseri, eta musika entzun egiten duela, besterik gabe. Poesia irakurleak, ordea, partitura bat interpretatu egiten du. Parte hartzaile aktiboa da». Makusok, ere, ildo beretik, emanaldi hauek ikusleak «eseri, entzun, sentitu eta hunkitzeko» direla plazaratu du.
Pentsamenduaren poesia:: Bihar, asteartea. Musika eta poesia errezitaldia. Manuel Rivas, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Edu Zelaieta eta Nerea Beldarrain idazleak eta Jon Makuso biolin jotzailea (Viktoria Eugenia klub aretoa, 19:30). Sarrera, doan. Etzi, asteazkena. Manuel Rivas idazlearekin solasaldia (Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoa, San Jeronimo kalea, 19:30). Sarrera, doan.