M. E. Patarroyo/Telefonika
Iñake Irastorza, aktorea
Munduan zehar existitzen diren infekzio-gaixotasun gehienak prebenitzeko, txerto sintetikoak sortzeko propietate kimikoak aurkitu ditu Manuel Elkin Patarroyo zientzialari kolonbiarrak. 30 urteko lanaren ondorioa da aurkikuntza. Patarroyoren esanetan, printzipio- edo arau-sorta bat aurkitu du. Arau horiek egoki aplikatuta, munduan zehar dauden hainbat gaixotasun gainditzeko txertoak sor ditzakegu. Horrela, 517 infekzio-gaixotasun inguru mendera ditzakegu. Patarroyoren eta Kolonbiako Immunologia Elkartearen ikerkuntza lanak malariarekin lotuta badaude ere, printzipio berak balio dezake tuberkulosia, dengea, C. Hepatitisa… gainditzeko. Izugarria, ezta? Ba izugarriagoa da oraindik ondorengoa. Manuel Elkin Patarroyo jaunak, 1995ean malariaren aurkako txertoaren eskubideak OMEri eman zizkion gizadiaren mesedetan. Guzti honengatik, aurten, Vianako Printzearen Elkartasun saria eman diote. Ondo merezitako saria. Bai, ikaragarria egin duen ikerkuntza. Eta ikaragarria, bere gizadiarekiko eskuzabaltasuna. Tamaina honetako gizatasunezko jokaerek nahiko normalak izan beharko lukete agian. Baina, tamalez, gaur bizi garen gizartean zeharo ezohikoak dira. Are gehiago oraindik, askorentzat jokaera inozoa besterik ez da. Nire desiorik onenak Patarroyo jaunarentzat eta bere taldearentzat: Ez dezatela inoiz falta izan besarkada berorik, animoz beteriko begiradarik, bide lagunik… Egin duten lanaren fruituak dastatuz, bizitza gozo, eder eta luzea opa diet. Beste muturrean, Telefonikaren jokaera daukagu. 2010. urtean, 10.167 miloi eurotako irabaziak izan ditu. Aurreko urtean (2009) baino %30,8 gehiago. Urtetik urtera, enpresa honen irabaziak, aparra bezala doaz goraka. Baina dirudienez, ez da nahikoa beraientzat. Aurreko EEEekin –2003-2008, guztiok pagatuak– Hego Euskal Herrian bakarrik, 4.000 langiletik 2.000 baino gutxiagora pasatu zen. Orain beste EEE bat proposatzen du. Baina oraingoan Telefonikak berak pagatuko omen du EEEa, zeren Espainiako ekonomian “enpresa erreferentea” dela dio, eta horregatik, Estatuak ez duela ezer ordaindu beharko. Ondorioz, EEEaren gastu guztiak bere gain hartuko dituenez, 8.500 langile kaleratu beharrean, 6.500 langile bakarrik kaleratuko ditu, oraingo langile taldearen %20 alegia, besterik ez. Gaurko gizartean, zoritxarrez, honelako jokaerak dira normalak eta txalotuak. Nire ustez, ordea, oso zigortuak egon beharko lukete. Bakar batzuen mesedetan, gizakiaren kontra ekiteagatik, gizadi osoa desesperaziora, gaixotasunera eta miseriara bultzatuz. Horregatik opa diot enpresa honi, eta luzapenez bera bezalako beste enpresa, multinazional eta horrelakoak baimendu eta aupatzen dituen edonori: Diru-jauzi batek harrapa ditzala azpian. Itzela izan dadila diru-jauzia, argia agortzerainokoa, airea agortzerainokoa. Dirua besterik ez dezatela ukitu ahal izan, ikusi, usaindu… Azkenean, beraien ezpain lehorrak aire izpi baten bila zoratuta zabaltzen direnean, dirua kolpatu dadila haien aho zuloetan, zintzurrak urratuz biriketaraino… eta hainbeste maite duten diru ahaltsua arnastuz ito daitezela. Betirako. Amen.