Errezeta berde berdeak
‘Barazki mokadu goxoak’ errezeta liburua plazaratu du Ttarttalok, Kaskazuri jatetxearen eskutik
Duela bost urte ‘Sukaldaritza begetarianoa’ liburua aurkeztu zuen Ttarttalok Egiako Garraxi jatetxearekin batera. Orduan ere errezeta bildumaren euskarazko bertsioa kaleratu zuen Berria egunkariak. «Bi hizkuntzetan harrera bikaina izan zuen, eta oraindik ere izaten jarraitzen du», azaldu du Idoia Arozena editoreak. Ttarttalorentzat barazki liburu hura «best seller» bihurtu dela aitortu du. Oraingoan ere barazki errezeta bilduma berri bat egin nahi izan dute.
Lehen liburu hura borobildu eta osatzeko asmoz Parte Zaharreko Kaskazuri jatetxera jo zuten. Izan ere, sukaldaritza begetarianoari hainbat plater eskaintzen dizkio egunero Elias Argoteren sukaldaritza taldeak. Eta erronkari heldu zioten. Diego Bergara, Nerea Aznarez, Miren Zaldua eta Mikel Nicolas sukaldariek lagundu diote liburua prestatzen.
Lehen liburuaren helburua egunero prestatzeko errezeta osasuntsuak eskaintzea zen. «Barazki mokadu goxoak liburuak ildo berriak lantzen ditu. Sukaldaritza begetarianoa goxoa eta koloretsua dela erakutsi du. Egunerokorako eta ospakizun berezietarako ere prestatu daitekeela, alegia. Barazkiekin, lekaleekin eta arrozarekin ere errezeta eder eta zaporetsuak egin daitezke», jarraitu du Arozenak. Errezeta hauek prestatzeko gainera, jaki berezi edo garestiak ez direla ezinbestekoak azaldu du Argotek, «irudimenak sukaldean ere urrea balio baitu».
«Beti izan dut barazki jaleentzako sukaldaritza egiteko grina», aitortu du Argotek: «Jendea barazkiekin gure gorputza zaintzen dugula konturatu behar da. Jatetxean bertan plater begetarianoak dastatzeko jangela berezia egitea pentsatu nuen, baina tamalez espazioa falta zitzaidan».
Berrehun errezeta
Ia berrehun errezeta bildu dituzte; errezeta berde berdeak. Menu baten moduan daude ordenatuta errezetak: Sarrerak, entsaladak, zopak eta kremak, barazkiak, arrozak, zerealak, pasta, lekaleak, postreak, ongailuak eta irabiakiak.
Hamaika osagaiekin prestatutako platerak aurkituko dituzte etxeko sukaldariek: Arroz integralezko kroketak, Tofu eta intxaur patea, Aguakate eta tomate tartara, Arroz entsalada barazkiekin, Udare eta ardi-mihi entsalada intxaur eta mahaspasekin, Brokoli eta kumino krema chip barazkitxoekin, Gaztaina krema, Rukula gazpatxoa, Zerba eta bexamel kaneloiak, Gibelurdinak plantxan, Barazki pastela labean. Quiche, opil eta budinak, Barazki enpanada, Zainzuri budina, Fusilliak txanpinoi eta sagar saltsarekin, Dislistak tofuarekin eta batata erreekin, Mertxika erreak meloi zoparekin…
Elias Argote eltzeen artean jaio eta hezitakoa da. Luis Irizar maisuarekin hasi zen Gurutze Berri jatetxeko lapiko artean euskal sukaldaritza tradizionaleko zein nazioarteko errezetak landuz. Ustekabean, Javier Arozenaren ikastaro batean parte hartu, eta naturismoa eta makrobiotikaren mundua zabaldu zitzaion begi aurrean. Argoteren ustez, «jateko era naturista hauek triste antzekoak dirudite ezagutzen ez dituen jende askorentzat. Hain zuzen hau da liburuaren helburuetako bat. Errezeta begetarianoak era landu, koloretsu, usaintsu eta zaporetsu batean aurkeztea».