Europako Txapelketan parte hartuko du Ekaitz Saiesek
Dena bide onetik baldin badoa, igandeko finaletan lehiatuko da Parte Zaharreko piraguista
Ekaitz Saiesek Belgradon jokatuko den Europako Piraguismo Txapelketan parte hartuko du asteburu honetan. Espainiako selekzioaren barruan lehiatuko da, Bat Basque Team-en babesarekin. Olinpiar jokoetarako sailkatzeko, Hungarian jokatuko den abuztuko munduko txapelketaren atariko goi mailako proba da.
Parte Zaharrekoak K1 modalitateko 200 eta 500 metroko norgehiagoketan parte hartuko du. Hala ere, lehenengoari emango dio lehentasuna; hori baita olinpiar modalitatea. Gainera, Londresen jokatuko dituzten 2012ko Olinpiar Jokoetan, lehen aldiz sartuko dute proba. Sailkatze probetan parte hartuko du Saiesek ostiralean (500m) eta, larunbatean, (200m). Batean zein bestean, igandean jokatuko diren finaletara igarotzen ahaleginduko da. Hori jarri baitio helburutzat bere buruari.
Serbiako hiriburuan antolatutako txapelketa, Szeged-eko (Hungaria) Munduko Txapelketarako atariko proba izango da. Azken horretan, dominak ez ezik, Londreseko 2012ko Olinpiar Jokoetarako postuak banatuko dituzte. Zehazki, lehenengo zortzi sailkatuek, eskuragarri dauden 14 postuetatik postu bana izango dute.