Ostiralean aurkeztuko du Bilduk Udal Gobernua
Bilduk gobernatzeko dituen zailtasunak agerian utzi zituen PSE-EE udal taldeko Ernesto Gasco zinegotziak. Juan Karlos Izagirre alkateak, aitzitik, udaletxeko jardunak bere horretan jarraitzen duela eta lan taldea osatzen duten 1.800 langileak egunero bere eginkizunetan ari direla jakinarazi du.
Bilduko zinegotziak, era berean, udal gobernu batzordea osatzeko buru belarri ari dira eta ostiralean aurkezteko asmoa dutela aditzera eman du. Izagirrek ez du xehetasunik aurreratu nahi izan. Hala ere, orain arte indarrean egon den egituraketa «sinplifikatuko» dutela azaldu du Izagirrek. Alegia, sail batzuk bateratuko dituzte. Udal Gobernua, halaber, zinegotzi ez den beste zenbait kidez –bi izan daitezke– osatuko dutela ziurtatu du. Udaletxeak normaltasun osoarekin funtzionatzen duela argi uzteko, 80 lanpostu berri sortu dituztela azaldu du. Udan udaltzain lanetan arituko direnak, gizarte langileak eta zaintzaileentzako kontratuak egin dituzte gobernu kide berriek.
Gainerakoan, udaletxeko martxa gertutik ezagutzen ari dira Bilduko zinegotziak. Gaur, besteak beste, herritar partaidetza eta Donostia 2016 bulegoko langileekin elkartu dira, egiten duten lana ezagutzeko. Bihar sindikatuetako ordezkariekin biltzeko asmoa dute, baita sail guztietako zuzendariekin ere.
Bilera horiekin «elkar ezagutzeko» helburua dutela adierazi du alkateak. Zuzendari eta teknikariekin izango dituzten solasaldien bidez, gainera, aurrera atera ez diren proiektuen berri izan eta arrazoiak ezagutzeko baliatuko dute.
Epe motzean zein egitasmo burutu daitezkeen eta sail bakoitzean antzeman dituzten hutsuneak jasotzen dituen txostena eskatu diete sailetako arduradunei. Hamabost eguneko epea izango dute txostena osatzeko.
Gernikako Ituna
Gobernu ardurari heltzeko erreguari ez ezik, ETAren indarkeria gaitzestea ere izan da sozialistek nahiz popularrek egunotan egindako beste eskaeretako bat. Juan Karlos Izagirrek erantzun duenez, Gernikako Ituna hartuko dute aintzat. Indarkeriarik gabeko, «ETArena barne» egoeraren alde egingo dutela gaineratu du. «Pertsona guztien eskubideak errespetatuko diren Euskal Herria» nahi dutela nabarmendu du Izagirrek.