Lehenengo proba, Errioxan
Prestatzeko hiru estropada jokatu ostean, Donostiarrak igandean jokatuko du KAE-1 Ligako lehen proba puntuagarria, El Rasilloko lakuan; Arkaitz Diaz patroiak debuta egingo du ‘Torrekua’rekin.
TALDEA
Patroia:
Asteburu honetan izango du Donostiarrak lehen proba garrantzitsua. Izan ere, KAE-1 Ligari ekingo dio hiriko traineruak, El Rasillon (igandea, 12:00etan). Bertako lakuan, Errioxako XIV. Bandera egongo da jokoan, eta, aurrez aurre, hamabi traineru. Estropada bezperetan, koadrila zein egoeratan daukan galdetu dio Irutxuloko Hitzak Jose Ramon Mendizabal, Mendi, entrenatzaileari. «Dagoeneko prestatzeko hiru estropada jokatu ditugu, eta lehenengo biak ongi atera zitzaizkigun. Azkena Oriokoa izan zen, eta ez zitzaigun hain ongi joan». Hala ere, azken estropada horri ez dio garrantzia handiegirik ematen Mendik, bere taldearengan konfiantza oso baitu. «Errekan egiten diren estropadak itsasokoak baino arraroagoak izaten dira normalean. Egia esan, ez daukagu azalpenik, baina agian ez ginen esperotako tokian; beraz, ez ginen aurrekoetan bezain fin aritu». Azken batean, errekan jokatzen diren erlojupeko estropadek desberdintasunak sortzen dituzte, Mendiren ustez.
Moldaketa gutxi egin behar izan ditu entrenatzaileak, denboraldi berriari begira. Izan ere, orokorrean, iazko arraunlari berak ditu, gutxi gora-behera. Taldekide berrien artean, patroia dago, Arkaitz Diaz loiolatarra. Begibistan dago, Mendi oso pozik dagoela berarekin eta loreak baino ez dizkio eskaintzen. «Ur-kirolaken hasi zuen bere ibilbidea arraunean eta, uste dut, lau bat urte zeramatzala arrauna utzita. Donostiarrarentzat patroi ona izango dela uste dut». Gainera, Diazek taldean sartzeko ez duela inolako arazorik izan dio Mendik. «Arraunlarietako asko ezagutzen zituen aurretik, eta hasieratik ongi moldatu da. Bere lan ordutegia izan da arazo bakarra».
Aurkari gogorrenak, garbi
Kontuak kontu, igandean izango du Ligako lehen estropada puntuagarria Torrekua ontziak. «Iaz egon nintzen lehen aldiz El Rasillon eta, egia esan, ezusteko ona hartu nuen. Lakuan izanik, argi dago kaleen artean aldea egongo dela, baina arraun egiteko leku egokia iruditzen zait». Liga hasieratik ongi hastea oso garrantzitsua izango da; Mendik argi baitu, lehen estropadak garrantzitsuak direla. «Lehenengo lauzpabost estropadek asko esango dute; goiko postuetan sartzen bazara, zaila baita hortik ateratzea».
Donostiarraren helburua goranzko bidea egitea da eta Mendik horretarako gai direla uste du. «Zailtasunak izan arren, proiektua egonkortzen ari gara, eta aurrera begiratzen dugu». Argi dauka, gainera, zeintzuk izango diren Ligako indartsuenak. «Liga bi multzotan banatua ikusten dut. Batetik, Santurtzi, Portugalete, Isuntza, Zierbena, Zarautz, Deusto eta gu egon gaitezke, goiko postuengatik borrokan». Gainontzeko bost ontziak, ordea, beherago ikusten ditu: Orio B, Hondarribia B, Getxo, Arkote eta Santoña. Hala ere, badaki orain arteko lehietan, klubek ez dutela euren onena erakutsi. «Entrenatzaileek beti gordetzen dugu zerbait Liga aurreko lehietan. Gauzak gaizki ateratzeko, ateren bat zabalik uzten dugu». Horrela ere, orain arte ikusitakoa baloratzen ausartu da. «Liga gogorra eta oso lehiatua izango dela uste dut».
- Arkaitz Diaz Gorostegi
- Aitor Aranegi Ugarteburu.
- Ander Iriarte Txabarri
- Ariel Fernando Lalosevich
- Ekain Iriarte Txavarri
- Gorka Ibarluzea Dieguez
- Hibai Fuente Santamaria
- Ibai Sistiaga Zunzunegi
- Iban Viaga Rodriguez
- Iñaki Andonegi Maeztu
- Jon Enbil Lobera
- Jon Sardon Zabaleta.
- Miguel Angel Enriquez San Miguel
- Mikel Kortadi Agote
- Oier Iurramendi Etxeberria
- Oskar Artola Urkizu
- Oskar Villar Vidal
- Patxi Olabe Gonzalez
- Telmo Iurramedi Bujanda
- Xabier Zabala Odriozola