Jesus Garmendiak hiru garaipen lortu ditu
Nazioarteko Hipika Lehiaketa jokatu zuten asteburuan, Loiolan. Bertan, Jesus Garmendia izan da hiriko ordezkari bakarra eta ongi baino hobeto aritu da. Gipuzkoa Kirolak, Frigo eta Volkswagen sariak eskuratu ditu Garmendiak, hiru eguneko lehian.
Gipuzkoa Kirolak Saria, larunbatean jokatu zuten. Bertan, 36 zaldik lortu zuten oztopoz betetako ibilbidea zigorrik gabe osatzea; jauzi ederrak eginez. Denborarik onena egin zuena, ordea, Jesus Garmendia izan zen, Calvaros Conzerten gainean. Egun berean lortu zuen bigarren garaipena Garmendiak. Perle Condeenneren gainean, sekulako lana egin zuen donostiarrak eta 44’31 segundotan osatu zuen Frigo Sariko ibilbidea. Igandean ere, gustura geratu zen Garmendia, Volkswagen Saria eskuratuta. Parte hartu zuten 76 zaldietatik 27k lortu zuten gehienezko puntuazioa, 65 puntu, hain zuzen ere. Berriro ere, Perle Condeenneren gainean egin zuen lan onena Garmendiak.