Alkatearen, bozeramaileen eta gobernu kideen soldata %3 murriztuko dute
Udal bozeramaileek bilera luzea egin dute. Hurrengo lau urteetako antolaketa eta egituraketa berriaren inguruko nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten bozeramaileek. Soldaten inguruan, gainera, agintaldiko lehen negoziazioa izan dute. Azkenean, adostasunera heltzea lortu zuten eta alkate, udal taldeetako bozeramaileek zein gobernuko kideek soldata %3 murriztea erabaki dute. Oposizioko zinegotziei orain artekoa mantenduko diete.
Proportzionaltasuna
Bestalde, udal batzorde eta egituraketan proportzionaltasunari eutsiko diotela ziurtatu du Jon Albizu Udal Gobernuko zinegotziak. Sozietate eta enpresa publikoetan, halaber, Udalbatzak duen oreka mantenduko dute. Era horretan, Donostiabuseko batzarretan, esaterako, Bilduk hiru ordezkari izango lituzke eta gainontzeko taldeek, bi.
Aurreko agintaldian ez bezala, oposizioko ordezkariek kontratazio mahaian parte hartzeko aukera izango dute. Udal taldeek izango dituzten aholkulari eta idazkari kopuruan ere ez da aldaketarik egongo. Udal talde kopuruak, halere, behera egin duenez, aholkularien zenbatekoa ere txikiagoa izango da.
Oposizioko ordezkariek, era berean, osoko bilkurek izango duten data berria ezagutu dute. Alkateak, herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, hilabeteko azken ostegunetan, 17:00etan, egitea proposatu du. Lehengo osoko bilkura, dena den, ostiralean izango da, 16:00etan.
Erregearen irudia
Udal Gobernuak, bestetik, erregearen magoa udalbatzar aretotik kentzeko erabakia azaldu die. Konstituzio aurreko sinboloa dela adierazi dute. Dena den, legea urratzeko asmorik ez dutela-eta, txosten juridikoa egitea eskatu diote idazkariari. Bien bitartean, duela bi mende txikitutako hiria suspertzeko Zubietan sinatu zen ituna irudikatzen duen koadroren bat jartzearen aldekoa da Bildu. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok zuzen jo du Udal Gobernuak legea errespetatzeko agertu duen jarrera.
Monpas
Erregearen koadroaz gain, Monpaseko pasabideaz hitz egiteko aukera izan dute udal bozeramaileek. Proiektua oraindik ez dute bazterrean utzi, Espainiako Gobernuko Ingurumen ministerioak pasabidearen txostena osatzeko zain daudelako. Gascok, hala ere, abian diren proiektuak ez gelditzeko eta egindako inbertsioa galtzen ez uzteko eskaera egin dio Izagirreri. Halako egitasmoei ezin zaiela uko egin adierazi du.