Baloia dute lagunik onena
Txoko guztietako futbolari gazteak batu dira, urtero legez, hirian, Donosti Cup txapelketaren harira; zaila da beraien presentziaren berri ez izatea, bertan izango baitira, larunbateko finalak iritsi arte.
Futbolari gazteek bete dituzte Donostiako eta inguruko herrietako berdeguneak. Donosti Cup iritsi da, eta zaila da horren berri ez izatea. Izan ere, futbol zelaietatik agertu gabe ere, hiriko txoko politenak bisitatzen ikus daitezke haur eta gazte taldeak. Irutxuloko Hitzak osteratxoa egin du, gaur goizean, eguzkipean; hainbat partida jokatzen ari ziren bitartean, zer nolako giroa zebilen ikusi eta kontatzeko.
Lehen geltokia Anoetako estadio txikia izan da. Txikienak ziren bertako protagonistak, hamar urteko mutilak. Beraz, bi partida batera ari ziren jokatzen, zelaiaren erdiarekin nahikoa baitute jokatzeko. Horregatik, ordea, ez zituzten ikusle lasaiagoak. Estadioaren kanpokaldetik entzun zitezkeen ikusleen oihuak. Futbol profesionaleko norgehiagoka bat bailitzan, animoak ematen aritu dira zaleak. Gainera, futbolean ohikoa den moduan, epaileek kexak entzun behar izan dituzte. Zelaitik kanpo, hurrengo partida jokatzeko zain zeuden txikiak, prest zeuden. Hala, borobilean jarri eta, adi-adi entrenatzailearen nondik norakoak entzuten ari ziren.
Egiako Matigoxotegi izan da bisitatutako hurrengo eszenatokia. Bertako animazioa oraindik ere indartsuagoa zen. Gainera, bereziki, hamarretako partida bukatzean, hasi da benetako burrunba. Mutilen 19 urteko kategorian, Frantziako Alfortville US eta Lezoko Allerru ari ziren, aurrez aurre. Frantziarren aldekoek sekulako orkestra osatu dute harmailetan: turutak, tinbala, pandereta… Gainera, bozgorailu bat ere bazuten, animo oihuak oraindik ere ozenago entzun zitezen. Euren herrialdeko bandera, noski, gogotsu astindu dute.
Azkenik, Puioko zelaia. Iaz erabili zuten lehenengoz txapelketarako, orduan ireki berria baitzen. Dagoeneko zelai ezaguna da eta han ere ez ziren jokalariak eta ikusleak falta. Hamasei urteko mutiletan, Kolonbiako Alcaldia de Mosquera eta Axular Lizeoaren artekoa egon da jokoan. Etxekoek galdu dute, 3-0. Gero, 16 urteko nesken txanda izan da: Hiriko Bahia de la Kontxa eta Brasilgo Fustars. Horretan ere, donostiarrek galdu dute, baina atea zulatzeko gai izan dira, 2-3.
Larunbata arte
Oraindik hainbat eta hainbat partida jokatuko dituzte, larunbata arte. Orduan jokatuko baitituzte maila guztietako finalak, Anoetan, goizeko hamarretatik aurrera. Futbol gosez denak, beraz, badu non eta noiz aukeratu.