Berdea, horia, arrosa eta morea
TKE Ligan lehian dabiltzan hamabi traineruetatik lautan aurki daitezke arraunlari donostiarrak; Kaikun, Orion, San Juanen eta San Pedron.
TKE Ligan, hamabi traineru dabiltza aurten ere aurrez aurre: Astillero, Camargo, Castro, Pedreña, Tiran, Zumaia, Hondarribia, Urdaibai, Kaiku, Orio, San Juan eta San Pedro. Zerrendako azken lau talde ontzietan, era batera edo bestera, hiria ordezkatua dagoela esan daiteke. Izan ere, lau koadriletan dago hiriko arraunlariren bat. Batzuk esperientzia handia dute; beste batzuk, berriz, arraunlari gazteak izaki, emandako aukerari zukua ateratzen saiatuko dira.
Eskarmentudunen artean, Xabier Etxebeste dago. Ur-Kirolaken hasi zuen bere ibilbidea Etxebestek, baina geroztik beste hainbat taldetan aritutakoa da. San Pedron, Urdaibain, Orion eta Castron arraunean aritu ostean, Kaikun dabil aurtengo denboraldian. Orain arte jokatutako estropaden ostean, Sestaoko taldea da liderra, 21 punturekin. Urdaibaik eta Astillerok, ordea, gertutik jarraitzen dute, 19 eta 18 punturekin, hurrenez hurren.
Etxetik gertuagoko klub bat aukeratu du Xabierren lehengusuak arraunerako. Izan ere, Igeldoko Haritz Etxebeste, Orion dabil aurten ere; Axier Kolina eta Fernando Balentziagarekin batera. Urte batzuk dira, gainera, hiruak jantzi horia soinean daramatela. Etxeko arraunlariek osatu ohi dute Orioko koadrila, arraunerako sekulako afizioa duen herria baita Orio. Hala ere, taldea ez dago bere momenturik onenean. Ligak luze joko duen arren, oraingoz gutxi erakusteko gai izan da Mirotza eta, hamargarren postuan dago, zazpi punturekin.
San Juan Vs. San Pedro
Jakina da aspalditik datorrela San Juan eta San Pedroren arteko lehia. Bi herri horien ordezkaritzan, ordea, pasaitarrak ez diren arraunlariak badaude aurten ere. San Juanen, Aritz Jauregi, Alain Osanbela, Ion Piñeiro eta David Sainz dabiltza. Jauregi Arraun Lagunaken bost urtez aritu zen, 1998an hasita. Gero, urtebetez, Bermeon egin zuen arraun eta, hortik, Hondarribiara igaro zen. 2004tik geratu gabe zebilen, eta aurreko denboraldian atsedena hartu ostean, talde arrosan ekin dio Ligari. Osanbela, Piñeiro eta Sainz ere ez dira hasiberriak. Gazteagoak diren arren, badute esperientzia eta, iaz, oso lan duina egin zuen talde arrosako kideak izan ziren. Oraingoz, Ligako bosgarren ontzia da San Juan, hamabost punturekin.
San Pedron, gora-beherak izan dira nagusi eta, aurten, bertan aurki daiteke hiriko ordezkaritza handiena: Iker Aranburu, Iñaki Arrieta, Joseba Azurmendi, Egoitz Etxebeste, Iñaki Garmendia, Lorenzo Jauregi, Lander Larrauri, Gabi Larrinaga, Jon Lizarazu eta Joseba Mayoz.
Azurmendi, Garmendia, Lizarazu, Etxebeste eta Mayoz, aurten igo dira bigarren ontzitik lehenengora. Jauzi handia eman dute beraz, KAE-2 Ligatik bi maila gora egin baitute. Lehenengo lauak, gainera, aurreko denboraldian hasi ziren arraunean. Zaila izango da TKE Ligako beste ontziren batean, hainbeste arraunlari hasiberri elkarrekin ikustea.
Larrinaga esperientzia handiko arraunlaria da eta bera ari da aurten ere entrenatzaile lanetan. Taldean baditu arraunlari peto-petoak ere, gainontzeko gehienek hainbat urte daramatzatelako arraunean. Esperientzia eta harrobia ongi tartekatzea izango da taldea aurrera ateratzeko modua. Bederatzigarren postuan dago San Pedro, bederatzi punturekin. Orio, Castro eta Camargoren aurretik.
TKE Ligako hurrengo estropadak asteburu honetan bertan jokatuko dituzte. Biak ere Galiziako Pontevedran izango dira; Moaña herrian. Batetik, Mar de Moañako II. Bandera, larunbatean, 18:00etan, izango da. Bestetik, igandean, Bandera Opirata.com deritzonaren bila irtengo dira, 12:00etan.
TKE Ligako arraunlariak:
Kaiku.
-Xabier Etxebeste (Loiola, 1980).
Orio.
-Haritz Etxebeste (Igeldo, 1983).
-Fernando Balentziaga (Antigua, 1983).
-Axier Kolina (Amara Zaharra, 1972).
San Juan.
-Aritz Jauregi (Martutene, 1980).
-Alain Osanbela (Ulia, 1985).
-Ion Piñeiro (Gros, 1986).
-David Sainz (Loiola, 1985).
San Pedro.
-Iker Aranburu (Herrera, 1978).
-Iñaki Arrieta (Bidebieta, 1987).
-Joseba Azurmendi (Donostia, 1989).
-Egoitz Etxebeste (Igeldo, 1984).
-Iñaki Garmendia (Igeldo, 1984).
-Lorenzo Jauregi (Parte Zaharra, 1971).
-Lander Larrauri (Añorga, 1987).
-Gabi Larrinaga (Parte Zaharra, 1975).
-Jon Lizarazu (Igeldo, 1982).
-Joseba Mayoz (Donostia, 1970).