Pasabidearen kontra daudela esan dio alkateak Kosta zuzendaritzari
Ondarreta eta Orio lotzen dituen bide naturala egokitzeko nahia erakutsi dio Udal Gobernuak
Juan Karlos Izagirre alkateak, Ricardo Burutaran eta Nora Galparsoro zinegotziekin batera, Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko Kosta zuzendaritzarekin bilera egin zuten atzo. Alkateak argi utzi zien Elorzak bultzatu zuen Monpaseko pasabidearen aurka daudela. «Proiektu honek kalte ekologikoa suposatuko luke, itsaslabarren estruktura handi bat ainguratzeak bertako inguru naturalaren erabateko aldaketa ekarriko bailuke». Gainera, Izagirreren ustez, «aurreko Udal Gobernuaren kapritxoa da, hiriarentzat beharrezkoa ez dena».
Udal Gobernuak, dena den, egungo pasabidea hobetzea aurreikusten du, baita interpretazio zentroa egitea ere.
Bilduko ordezkariek, era berean, Ondarreta eta Orio lotzen dituen ibilbide naturala egokitzeko asmoa dutela adierazi dute. Alkateak jakinarazi duenez, «lau milioi euroko aurrekontua aurreikusia duen proiektua da, Ingurumen Ministerioak bere gain hartuko lituztekeenak». Nagusiki, GR-121 delako lehen ibilbidearen egokitzapenean oinarrituko litzateke. Hain zuzen, Ondarretan hasi, Igeldo gurutzatu eta Orioraino luzatuko litzatekeen 15 kilometroko pasabide naturala berreskuratzean datza.