Ribeiro eta Boulard izan dira irabazleak
Zurriolan jokatutako Oakley Pro Junior txapelketan, lan onena egin dute Portugaleko eta Frantziako surflariek
Oakley Pro Junior, Zurriolako surf txapelketa
Gizonezkoak.
1- Vasco Ribeiro.
2- Ugo Robin.
3- Frederico Morais.
4- Dimitri Ouvre.
Emakumezkoak.
1- Canelle Boulard.
2- Maud Le Car.
3- Joanne Defay.
Oakley Pro Junior nazioarteko surf txapelketa Zurriolan jokatu zuten, ostegunetik larunbatera, 20 urtetik beherako surflari onenek. Lehen egunetik euria eta haizea izan ziren protagonistak; eta zailtasunak ekarri bazituzten ere, lehiak aurrera egin zuen. Metro bateko olatuekin moldatu ziren eta lehiak azkarrago jokatzea erabaki zuten, olaturik gabe geratzeko beldurrez. Hala, larunbatean jokatu zituzten finalak eta Vasco Ribeiro portugaldarra eta Canelle Boulard frantziarra izan dira txapeldunak, gizonezko eta emakumezko mailatan, hurrenez hurren. Gizonezkoetan, 128 partaide aritu ziren, eta, emakumezkoetan, 38. Zirkuitua Donostiatik igarotzen den laugarren urtea izan da. Aurtengoak, ordea, aurrekoek baino balio handiagoa du. Izan ere, olatuen kalitatea izar batetik bi izarretara igo da. Beraz, sarietan diru gehiago eta zirkuiturako puntu gehiago banatuko dituzte.
Sailkapen orokorra osatzeko, surflari bakoitzaren bi olatu onenak hartu zituzten kontutan. Ostegunean, esaterako, Paul Cesar Distingui izan zen puntuazio onena jaso zuena, 15’83 (8’5 eta 7’33). Groseko Indarrako Borja Agote egiatarra eta Ethan Egiguren oiartzuarra, hirugarren txandan sartu ziren. Izan ere, onenen artean lehiatzeko aukera zuten, aurreko txapelketetan lortutako emaitzengatik. Ethanen anaia, Julen Egiguren, txanda berean sartu zen, antolakuntzak eskainitako willcard gonbidapenari esker. Hiruen artean, ordea, Ethan izan zen aurrera egitea lortu zuen bakarra. Agotek ere lan ona egin zuen, eta eguneko puntuazio onenetakoa lortu zuen, 8 punturekin.
Finala, olatu txikiekin
Maila guztietako finalak larunbatean jokatu zituzten. Gizonezkoetan, Ribeirok aurkari gogorrei aurre egin behar izan zien: Frederico Morais portugaldarra eta Ugo Robin frantziarra. Finalistek erakustaldia egiteko gogor lan egin behar izan zuten, olatu txikiak baino ez baitziren ageri. Emakumezkoen finalean, berriz, Boulard jaun eta jabe izan zen. Bere aurkariei ez zien inongo aukerarik eman, eta hasieratik onena izan zen. Bestetik, Medi Veminardi izan da txapelketako olaturik onena hartu duena, 9’5 punturekin. Emakumezkoetan, Justine DuPontek lortu zuen puntuazio onena, 9’07 punturekin.
Euskal surflariei dagokienean, Imanol Yeregui gipuzkoarra eta Leticia Canales bizkaitarra izan ziren lan onena egin zutenak. Canales finalerdietara iritsi zen bakarra izan zen, eta lan ona egin bazuen ere, ezin izan zuen aurrera jarraitu. Yueregik final-laurdenetara heltzea lortu zuen.
Balantze orokorra egiterakoan, antolakuntzak gustura geratu dela esan du. Hiru egun oso gogor bizitu dituzte, eta euren onena eman behar izan dute. Olatu prebisioak gero eta txarragoak zirenez, lehen jardunaldietan argiak irauten zuen bitartean lehiak egiten jarraitu behar izan zuten. Hala ere, finaleko eguna kenduta, gainontzekoetan olatu politak izan dituztela azpimarratu dute. Eta noski, surfaz gozatzeko aukera paregabea izan dela.
Donostiatik Sopelara
Honako tokietatik igaro da 2011ko Pro Junior zirkuitua: Reunion eta Lacanau (Frantzia), Newquay (Ingalaterra), eta Las Palmas eta Kantabria (Espainia), eta Zurriola. Datorren asteburuan bukatuko da, Bizkaiko Sopela hondartzako txapelketarekin. Zorionekoak izango dira Donostia eta Sopelako lehietan lan onena egiten duten bi surflariak. Izan ere, 2.000 euroko sari berezia emango die Merkataritza eta Turismo kontseilariordetzak, Surfing Euskadi bulegoaren bidez.