Suak itzali, eta jaia pizten da
Aste Nagusiko egitarauak egun osoan ehunka gauza eskaintzen ditu, eta ez dira gutxi ere gauerdiaren inguruan antolatzen diren musika, antzerki eta dantza ekimenak.
Suak bukatutakoan izozkia erosi eta etxera. Horrela izaten da askorentzat Aste Nagusiko egunen bukaera. Beste askorentzat gauaren hasiera besterik ez da. Horrek, ordea, ez du esan nahi tabernaz taberna ibiltzeko beharra dagoenik, jaietako egitarauak ekimen ugari eskaintzen baitie hurrengo egunean goiz jaiki beharrik ez dutenei.
Zeruko suak itzali eta gutxira, eszenatokietako argiak pizten dira. Musika, dantza, antzerkia… gustu eta adin gehienetarako eskaintza zabaltzen da gauerdiaren inguruan.
Badiatik Easo plaza aldera joaten dira dantzarako gogoa dutenak. Gehienbat adineko jendea gerturatzen da Amara Zaharreko gune honetara, bertan pasodobleak, rantxerak eta, finean, berbenetan entzun daiteken musika dantzagarria. Ibai Berriak taldeko pianojotzaile Mikel San Josek dioenez, «gauzak gehitu egiten ditugu urtero; baina, publikoak betikoak eskatzen ditu». Dantzagarriak dira ere Konstituzio plazan, ordu horietan, entzuten diren erromeria doinuak.
Batzuek kasualitatez, beste batzuek, berriz, espresuki bilatuta Aste Nagusiaren antzerki eskaintza gozatu dute. Kale antzerkia izanagatik, formatu handiko lanak ikusten ari dira Aldundiaren jauregiaren inguruan. Batek baino gehiagok sustoa hartu zuen, esaterako, joan den asteartean hiru metroko garaiera eta metalezko hezurdura zituzten otsoekin topo egitean.
Horiek guztiak gustuko ez eta beste zerbait nahi duenak aukera izan du orain arte, eta izango du hemendik larunbatera ere. Kursaal guneko DJ-ak, Pasealeku Berriko barrakak, Piraten La Flamenkako emanaldiak, edota Bulebarreko kioskoko dantza zein musika erakustaldiak.
Baina aurreko urteetan bezala, horiek guztiak txiki uzten dituzte Sagueseko kontzertuek. Gainera, aurten inoiz baino euskara gehiago entzun izan da taula gainean. Groseko Oierrek dioenez, «banuen gogoa Su Ta Gar eszenatoki honetan ikusteko. Horrelakoen falta sentitu dut beste urteet