Marmitako onena prestatu dute
Kaian egindako gastronomia lehiaketan Cristina Ibañez eta Jagoba Egizabal gailendu dira.
Marmitakoa patata eta hegaluzea elkartuta baino gehiago dela erakutsi dute gaur goizean Aste Nagusiko IV. Marmitako Lehiaketan. Cristina Ibañezek eta Jagoba Egizabalek prestatutakoak eman dizkie txapela eta lehen sariko 600 euroak. Ezbairik gabe primerakoa izango zen; epaimahaian, besteren artean, Pedro Subijana, Martin Berasategi edota David de Jorge puntako sukaldariak baitzeuden Kaiko Mollaberrian.
Elkarteen arteko lehiaketa izan beharrean, edozein biko talderi irekitako sariketa izatea izan da aurtengo berrikuntza. Horrela, Vasconia, Union Artesana edota Caza y Pesca-ren aurka jardun dute Amaiak eta Ionek osatutako bikoteak edota Yo me la guiso, yo me la como ezizena zuen biko talde irabazleak.
11:00ak aldera hasi ziren parte hartu zuten hogeita bat bikoteak patatak zuritzen. Marmitako Lehiaketan osagaien zerrenda zorrotza zegoenez, batzuen eta besteen produktuen arteko aldeak sukaldarien trebezian bilatu behar ziren. Tipula eta piperra txiki-txiki eginda zuten batzuek. Beste batzuek nahiago zuten hegaluzearen egite puntuari arreta eman, baina den-denak irabaziko zuten ziurtasuna zuten hastapenean.
Edaria, partekatzen
Norgehiagoka izan arren, giro paregabea zegoen lehiakideen artean; umoretsu, elkar zirikatzen zuten bitartean, sagardo eta txakolin botilak partekatu dituzte.
Gerora lehen saria irabazi dutenak argazkiak ateratzen aritu dira ere. «Facebookera igo beharko ditugu hemen gaudela sinets dezaten», azaldu du Cristina Ibañezek. Lehen saria jaso dutela jakiteak ez du Ibañezen aurpegia gehiegi aldatu, irribarrea handitu besterik ez baitu egin.
Marmitako irabazlea prestatzea zaila ote den galdetuta, ezetz erantzun eta «erraz» garaitu direla erantzun du, irribarre bihurria ezpainetan.
Saria jaso eta 600 euroak «jatetxeetara joaten» gastatuko dutela adierazi ondoren, marmitakoa beraien koadrilako lagunekin partekatzera abiatu dira. Asko izan gabe ere, primerako bazkaria egin dute
batzuek!