Urmeneta eta Elola garaile izan dira Aste Nagusiko Pilota Txapelketan
22-21ko markagailu estuan gailendu zaizkie Arrieta eta Landari emozioz beteriko partidan.
Iker Urmeneta añorgatarrak eta Lasarteko Mikel Elolak osatzen duten bikoteak eskuratu du Aste Nagusiko Esku Pilota XVII. Txapelketako lehen postua. Txapeldunak 22-21 gailendu zaizkio Hernaniko Ioritz Arrietari eta Lasarteko Mikel Landari. Iker Espinalek eta Ion Erasunek Kadete mailako txapela etxeratu dute.
Eguraldia bezalatsu, gori-gori izan da Trinitate plazako pilotalekuko giroa. Jende ugari bildu da Alde Zaharra elkarteak antolatzen duen txapelketa honetako finalak ikustera. Partiden kalitateak eta markagailuen gora-beherek primerako ikuskizuna osatu dute. Kadeteen finalean jardun duen Iker Espinalek zaleen komentarioak eragin ditu, eta hainbatek «etorkizunean jarraitu beharreko pilotaria» dela adierazi dute.
Seniorren finaleko partida ezin interesgarriagoa suertatu da. Hasieran, Arrieta eta Landa 7-11 aurreratu dira markagailuan; baina, Urmenetak eta Elolak buelta eman ditoe egoerari 19-14 zenbakietara iritsiz.
Une horretan, berriz, aurkariak berpiztu dira, eta 21-21era eraman dute markagailua. Urmenetak eta Elolak, baina, azkeneko tantoa egin, eta horrekin txapela jantzi dute. Añorgatarrak azaldu duenez, Parte Zaharrekoa «jokatzeko frontoi polita bezain gogorra da; gustura ibiltzen naiz hemen».
Pilota gehiago Trinitate plazan
Uda izan arren, Alde Zaharra kirol elkarteak oporrik ez du hartuko, eta bi hitzordu gehiago iragarri ditu; Abuztuaren 31ko txapelketa eta Euskal Jaietakoa.
Horietan lehena, Patxi Montes Memoriala bezala ezaguna ere, bihar bertan hasi eta hilarekin batera bukatuko da. Besteren artean, Antiguako eta Parte Zaharreko pilotariek hartuko dute parte partidetan.
Euskal Jaietako txapelketako norgehiagoka gehienak irailaren 1aren eta 8aren artean jokatuko dira, finalak 10erako utziko dituztela. Honetan ere pilotari donostiarrak izango dira; Parte Zaharrekoak eta Añorgakoak, alegia.