Gazteek erdi prezioan erosi ahal izango dituzte Zinemaldiko sarrerak
Kutxarekin elkarlanean, publiko gaztearen partaidetza sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Zinemaldiak. Onuradunak Gaztekutxa txartela duten gazteak izango dira –Kutxaren 14 eta 29 urte bitarteko bezeroak–. Batetik, deskontuak eta beherapenak izango dira; inaugurazio eta amaierako galetan eta belodromoan izan ezik. Beste guztietan %50eko deskontua izango dute. Gainera, euskarazko azpitituludun saio guztietarako sarrerak euro bakar baten truke eskuratu ahal izango dituzte.
Zozketak ere egingo dituzte: Belodromoko emanaldietarako 1.200 sarrera zozkatuko dira, bi sarrera bikoitz inaugurazio galarako, eta beste bi gonbidapen amaiera festarako. Halaber, irailaren 23an Bataplanen gazte festa egingo dute.
Ekimen honen bidez ahalik eta gazte gehien erakarri nahi dituzte Zinemaldira : «150.000 ikusle baino gehiago ditu jaialdiak. Halere, azken urtean 12.000 ikusle galdu genituen. Gazteak dira etorkizuna, eta haiek zinema aretoetara eramateko bideak bilatu behar dira. Gainera kontuan hartu behar dugu ikus-entzunezkoak etenik gabe eraldatzen ari direla, eta zinemaz gain beste hainbat alternatiba eskaintzen ari direla», adierazi du zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek.
Belodromoko filmak Aurten Belodromoan hiru film estreinatuko dituzte. Paul W.S. Andersonen ‘The Three Musketeers’ 3D formatuan proiektatuko dute. Eduardo Chapero-Jacksonek bere lehendabiziko filma aurkeztuko du: ‘Verbo’. Fantasiak eta rap musikak bat egingo dute lan honetan. Mundu birtualean murgildutako gazte baten istorioa kontatu du egileak. Miguel Angel Silvestre, Alba Garcia, Veronica Echegui eta Najwa Nimri aktoreek parte hartu dute. Hain zuzen, Miguel Angel Silvestre eta Alba Garcia aktoreekin hirian zehar ibilaldi bat egiteko gonbidapenak zozkatuko dituzte Gaztetxartela duten bezeroen artean.
Ohi bezala, Belodromoan haurrentzako saioak izango dira goizero. Aurten ‘Une vie de chat’ filma emango dute. Belodromoan, halaber, Zinemaldiko beste jarduera batzuk ere izango dira. Sail Ofizialeko amaierako filma proiektatuko dute; hain zuzen, Eric Toledano eta Oliver Nakache zuzendarien ‘Intouchables’. Zabaltegi-Perlak saileko amaiera ere bertan emango dute, Nakache Winding Refn zuzendariaren ‘Drive’. Bestalde, amaiera saioan George Melies zuzendariaren film klasiko baten kopia zaharberritua emango dute: ‘Voyage dans la lune’ (1902).