Kainoien burrunbak hiria isilduko du
Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko udalerri eta herritarrak omenduko dituzte; Zubietako Itunaren mendeurrena gogoratzen duen oroigarria jasoko dute.
Monpaseko pasabidea, autobus geltokia… Eguneroko edo etorkizuneko asmo eta kezkak albo batera utzi eta atzera begira jartzeko eguna da abuztuaren 31. Duela 198 urte hiria suntsitu eta ezerezetik egun ezagutzen dugun Donostia eraikitzeko eman diren pausoen inguruan gogoeta egiteko unea da.
Kainoi eta danbor hotsak 18:00etan hasiko dira Parte Zaharreko kaleak estaltzen. Kainoieta elkartearekin batera parte hartzen duten beste hamaika elkartek armada anglo-portuges eta frantsesen arteko liskarrek eragindako sarraskia ekarriko dute gogora. Desfilea hasieratik jarraitu nahi dutenak Zuloaga plazara hurbildu beharko dira. Berandu dabiltzanek, aldiz, San Jeronimo kaleak Bulebarrarekin bat egiten duen sarreran egin dezakete geldialdia; lurreko sarbidea zegoen lekuan egingo baitiete Oarsoaldeko herri eta herritarrei omenaldia. Duela bi mendeko hondamendiaren ondorioak pairatu zituzten Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzun herriei egingo diete gorazarre.
Aurten lehenengoz banatuko duten oroigarria jasoko dutela aurreratu du Kainoieta elkarteko Jose Luis Molinuevo kideak. Zubietako Ituna sinatu zela ehun urte bete zirenean Espainiako Gobernuak bidalitako oroigarriaren erreplika dela deskribatu du. «Aizpurua baserrira joan eta bertako jabeak aitak ganbaran gorde zuen diploma atera zuen». Ustekabean eskuratutako altxorraren oroigarria eta herritarren txaloa eramango dute, hortaz, Oarsoaldeko bizilagunek etxera.
Oroigarria berrituko duten bezala, Donostian duela bi mende bizitutako liskarraren antzezpena ere are errealagoa izan dadin ahalegin berezia egingo dute aurten. Frantsesek Bretxatik Urgull aldera atzera nola egin behar izan zuten irudikatzeko saioa aurreko urteetakoa baino landuagoa izango da.
Soldaduak, beraz, abiatutako lekura itzuliko dira; Zuloaga plazara. Museoaren eraberritzearekin zabaldu den eremuan hiria erreko duen suziria piztuko dute. Suhiltzaileak ez aztoratzeko, ordea, Zuloaga ingurua argitu besterik ez dute egingo.
Zuloagako zalaparta Abuztuaren 31 kaleko kandela pizteak ixilduko du. Donostia tinko mantentzeko ahaleginean joandakoak gogora ekartzeko une hunkigarria izango da.