Yosigo argazkilari donostiarra Getxophoton izango da
Zahartzaroaren inguruko hogei bat erakusketa izango dira ikusgai Getxophotoren bosgarren ekitaldian. Hogei argazkilarik zahartzaroari buruzko erretratu propioa egin dute; zaharrei aurrez aurre begiratu diete. 65 urtetik gorako pertsonaia ezagunak, Clint Eastwood esaterako; heriotza, alzheimer gaixotasuna… Askotariko istorioak hartuko ditu beraz Getxoko jaialdiak: Irribarre bat eragin dezaketenak, eta sufrimendua erakusten dutenak ere bai.
Ostegunean hasiko da, eta bertan parte hartuko du Yosigo [Jose Javier Serrano] argazkilari donostiarrak. Bilboko jaietan izan da udan. Bertan, Algortako eta Bilboko txikitero kuadrilla bat erretratatu du. Hainbat polaroid egin dizkie, eta horiekin osatu du bilduma: «Txikiteroek betidanik egin dute egun modan dauden sare sozialek egiten dutena. Komunikaziorako, eta aisialdirako jarduera izan da betidanik txikiteoan aritzea. Txikiteoak bere ohiturak, arauak eta erritoak izaten ditu, eta gure herri eta hirietako zaharrak dira ohitura eta sare sozial hau bizirik mantentzen dutenak».