Lau egun bizi izango dira
Easo Kopa, gazteen saskibaloi txapelketa, jokoan egongo da irailaren 1etik 4ra hiriko hainbat kiroldegitan
Bosgarren urtez jarraian, Easo Kopa antolatu du izen bereko Donostiako saskibaloi taldeak. Bihartik igandera jokatuko duten txapelketan Euskal Herriko zein Espainia eta Kataluniako 68 taldek parte hartuko dute. Hala, guztira, 700 neska-mutil baino gehiagok 140 partida jokatuko dituzte. Txapelketaren nondik norako zehatzak emateko, prentsaurrekoa eman dute antolatzaileek, gaur goizean. Tartean ziren Easoko presidente Adolfo Barrenetxea, Easo Kopako zuzendari Imanol Miralles, Gipuzkoa Basketeko German Cea eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko Ruben Sanchez.
«Harrobiko kluba gara, partaidetzaren aldekoak eta kalitatezko jokalariak osatu ditugu. Espainiako txapeldun izan dira gure taldeetako batzuk eta gure hiru jokalari ACBrako bidean daude», aipatu du Barrenetxeak. Antolatzaileen hitzetan, Easoko taldeak txapelketa asko jokatzera joan izan dira kanpora; eta ohartu ziren ez zegoela denboraldi-aurrea prestatzen laguntzen zuenik. Hala, duela bost urte Easo Kopa antolatzeari ekin zioten. Urtez urte partaidetzak eta ikusleek gora egin dute, eta dagoeneko nahiko ospe du. «Kanpoko taldeak poztu egiten dira Easo Kopa jokatzera datozelako», esan du harro Barrenetxeak. Mirallesek argi utzi izan nahi du, euren helburua guztientzako tokia izatea dela: «Gure lema ‘guztientzako saskibaloia’ da».
German Ceak Easok egiten duen lana goraipatzekoa dela esan du. «Gipuzkoako jokalariek lehiatzeko aukera dute. Gero, behin seniorretara iritsita, gorenera jotzeko aukera dute. Horietako gehiago gure ACBko taldera iristea gustatuko litzaidake».
Finalak igandean izango dira
Txapelketa bihar bertan hasiko da, 17:30ean, eta igandeko finalekin bukatuko da. Bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan hiru maila egongo dira: Haur Maila (1998-99 urteen artean jaiotakoak), Kadetea (1996-97 urteen artean jaiotakoak) eta Juniorra (1994-95 urteen artean jaiotakoak). Partaideen artean, talde batzuk aipatu dituzte aurkezpenean, euren mailagatik: Kataluniako Cornella, Tenerifeko Unelco, Castillako La Flecha… Norgehiagoka guztiak hiriko bost kiroldegitan jokatuko dituzte: Carmelo Balda, Altza, Josean Gaska, Benta Berri, eta Egia. Edonola ere, partidak zuzenean jarraitzeko aukerarik ez duenak, emaitza guztiak Interneten ikusteko aukera izango du: easokopa.jimdo.com. Aurtengo berrikuntzen artean, ordea, beste bat da nagusia. Izan ere, lehenengo aldiz, txapelketako partaideek bazkariak EHUren Ibaetako ikastegiko kafetegian egingo dituzte.
Gazteen saskibaloi txapelketaz gozatu nahi duenak, beraz, badaki non duen aukera. Maila guztietako hirugarren eta laugarren postuak eta finalak igandean jokatuko dituzte, Gaskan, 10:00etan. Sari banaketa, berriz, 14:30eamn izango da.