Musika frantsesa izango da nagusi hurrengo Musika Hamabostaldian
Aurtengo ekitaldia bukatu bezain laster, Musika Hamabostaldiak hurrengo urteko programako zenbait protagonista iragarri ditu. XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako Frantziako musika eskolako egileak izango dira nagusi; Claude Debussy (1862-1918) konpositorea, besteren artean. 73. ekitaldian, gainera, ospe handiko bi orkestra iritsiko dira hirira: Parisko Orkestra eta Bambergeko Orkestra Sinfoniko alemaniarra. Haien zuzendaritzapean bi maisu ariko dira: Christoph von Dohnanyi hungariarra eta Jonathan Nott britainiarra.
Opera ere izango da hurrengo urteko protagonista. Obra zehaztu ez badute ere, antolatzaileek Mozarten pieza bat taularatuko dutela esan dute.
Patrick Alfaya zuzendariak aurtengo ekitaldiaren balantzea egin zuen atzo. Aurreikusitakoa baina emaitza hobeak lortu dituztela adierazi du: «Krisi ekonomikoa dela-eta, iaz baino sarrera gutxiago salduko genituela uste genuen. Baina hazi egin gara». Aurten 42.000 ikusle lortu ditu Musika Hamabostaldiak, iaz baino %5 gehiago. Eta lehiatilan isla izan du ikusle kopurua hazi izana; izan ere, 28.000 euro gehiago lortu dituzte eta sarreren salmentaren bidez.
Ikusle kopuru eta diru kontuez haratago, jaialdiaren programak «harrera ona» izan duela azaldu du Alfayak. Rotterdameko Orkestrak eta Age of Enlightment Orkestraren arrakasta azpimarratu du. Rossiniren Sevillako bizargina obrak piztutako aurkako zein aldeko txistu eta txaloak ere aitortu ditu zuzendariak.