Hogeita lau traineru, leku bila
Kontxako sailkatze estropada jokatuko dute gaur, 18:00etan; zazpik bakarrik lortuko dute iganderako txartela
Guztiek nahi dute tokia, baina zazpi bakarrik izango dira, Donostiarrarekin batera, Kontxako uretan lehiatzeko aukera izango dutenak. Hogeita lau traineru saiatuko dira Kontxako Banderan lehiatzeko postua lortzen, gaur arratsaldean (18:00). Batzuk parte hartzera baino ez datoz, beste batzuk zorte onaren bila, eta indartsuenak, bai ala bai, postu bila.
Honakoak dira partaideak: Amegrove, Astillero, Camargo, Castro, Chapela, Deustu, Hibaika, Cabo da Cruz, Hondarribia, Kaiku, Lekittarra, Orio, Pedreña, Portugalete, San Juan, San Pedro, Santoña, Santurtzi, Tiran, Trintxerpe, Urdaibai, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
Guztiak lehiarako prest
Zazpi toki baino ez daudela jakina da, baina guztiek nahi dute sentitu zer den Kontxan arraun egitea. Kinielak egiteko orduan, errazena TKE Ligan puntan aritu diren ontziak sartzea da: Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta San Juan. Hala ere, ezustekoei beti utzi behar zaie tokia. Gainera, beste hiru postu horiek nork bete ditzakeen asmatzea ere ez da batere erraza, hautagai bat baino gehiago daude eta: San Pedro, Tiran, Pedreña, Castro… eta noski, Oriok TKE Ligako azken postuan bukatu badu ere, Kontxara ez da denbora pasa etorriko.
Bestetik, hor dago Portugalete ere, KAE Ligan marka guztiak hautsi dituen ontzia. Apustuak apustu, gaur erakutsi beharko du talde bakoitzak bere onena, erlojupeko gogorrean.