Belauntziek ere Kontxa hartuko dute
Kontxako uretako nagusiak traineruak izango diren arren asteburuan. Bestelako ontziek ere euren tokia izan nahi dute. Izan ere, Gipuzkoako II belauntzi estropada egongo da jokoan, larunbatean, 9.30ean. Aquarium paretik irtengo dira ontziak eta hortik aurrera 40 miliatako ibilbidea osatu beharko dute.
Irteera eman orduko, partaideek Gipuzkoa mendebalderutz joko dute, hau da, Mutriku aldera. Bertan, buia bat topatuko dute eta horren ondotik Gipuzkoa osoko kostaldeko ibilbidea burutu beharko dute. Helmuga Hondarribian izango da.
Estropada honen berezitasuna, tripulazioak bi kidez osatutakoak izango direla da. Beraz, partaideen esperientzia ezinbestekotzat jotzen dute antolatzaileek. Finean, estropada honen helburua, garai bateko euskal arrantzaleei omenaldia egitea da. Hala, XX. mende aurretik bidaiatzen zuten egoera gogorrak ezarriz, egin beharko dute lehia. Sari banaketa datorren astelehenean, irailaren 5an, 20:00etan egingo dute, Aquariumeko Auditorioan.