Edozeinek jartzeko modukoak
Hiriko hainbat gunetan iragarki laburrak jartzen dituzte herritarrek; etxebizitza, lana edo zerbitzuak eskaintzen dituzte, merke.
Ikasturte berriari begira pisu bila dabiltzanak, udan erabili eta gero motorra saldu nahi dutenak, udazkeneko garbiketa egin eta gauzak bota beharrean etekina atera nahi dietenak… horiek eta askoz gehiago dira iragarki tauletan zein hiriko horma eta autobus markesinetan paperean idatzitako oharrak jartzen dituztenak. Merkataritza guneak, unibertsitateak edota jende ugari igarotzen den tokiak dira horietako egokienak; eta erraza dirudien arren, bertan zer jarri birritan pentsatu beharra dago.
Fakultateetako korridoreak, lokutorioak, autobus geltokiak edota merkataritza guneak dira iragarki pertsonalak aurkitzeko toki ohikoenak. Kasu batzuetan antolatuta eta baimenekin; beste, batzuetan, berriz, gabe. Azken batean, edozeinek izan dezake horietako bat jartzeko arrazoia.
Amarako Arccon iragarki taula jarria dute. Bertan, doan, etxebizitza, sal-erosketak eta lan zerbitzuak topatuko ditu bila doanak. Bertako arduradunek diotenez, «kontu eskandalagarririk ez duzu hemen aurkituko». Izan ere, iragarkia jartzeko baimena eskatu beharra baitago. Hala eta guztiz ere, hainbat kontu xelebre izan direla onartu dute. Azken bolada honetan, lanerako bere burua eskaintzen duen jendea eta zerbitzuak dira gehien plazaratzen direnak. Merkataritza guneko kudeatzaileek ez dute bere gain hartzen bertan jarritakoaren gaineko erantzukizuna. «Eskainitakoa eta emandakoa iragarleen erantzukizuna da, baita idazkera ere».
Irakurtzeko, berriz, komunera bidean geldialdia egin eta begiratua egitea besterik ez dago. Halaxe egin du Andres amaratarrak. «Komunetik irten eta taulak arreta eman didanez, ea zerbait aurkitzen nuen begiratu dut». Jonas, berriz, espresuki etorri da begiratzera. «Ordenagailu merke baten bila nabil; presarik ez dudanez, egunero etortzen naiz».
Gazteleraz 106, euskaraz 1
Iragarle eta irakurleen arteko zubilana egiten du hizkuntzak, eta, denetarik aurki daitekeen arren, nabarmena da Arccoko iragarki taulan gaztelaniaren nagusitasuna. 111 iragarkitatik, bakarra zegoen euskara hutsez eta beste lau elebitan. Horiei gehitu behar zaizkie arduradunek taularen funtzionamenduaz ohartarazteko jarria duten kartel elebidunak. Unibertsitate zein autobus geltokian, berriz, orekatuagoa da hizkuntza aukera.
Bestalde, idazki horiek askotan ez dituzte betetzen iragarki eraginkorren baldintzak, hizkuntza hautaketari ortografia akatsak gehitzen zaizkielako. Gezurrak ere barneratuko al dituzte?