Aritz Moreno zinemagilea, denborarekin jolasean
Filminute jaialdian hautatu dute donostiarraren minutu bateko ‘Loop’ film laburra
60 segunduko harribitxia egin du Aritz Morenok. Kafe bat, telefono dei bat… eta kiribil bat. Horixe da ‘Loop’ (kiribila ingelesez) filma. Nazioarteko One Minute Film Festival edo Filminute Festival jaialdian hautatu dute. Minutu bateko iraupeneko lanak lehiatu ohi dira. Bi mila lan aurkeztu ziren, eta hogeitabost hautatu ditu epaimahaiak, tartean, zinemagile donostiarrarena. «Antolatzaileek jaialdian parte hartzeko gonbidapena bidali zidaten. Duela bi urte Kimuak katalogoan aurkeztu nuen ‘Cotton Candy’ planaren zaleak dira-eta. Ideia bat nuen buruan aspalditik, eta hura egitea pentsatu nuen».
Udan jaso zuen gonbidapena, ekainaren 26an. Uztailaren 8an Kimuak katalogorako lanak aurkezteko epea bukatzen zen: «Kimuak lehiaketarako filmatu nuen Loop. Bi minutu eta erdiko iraupena du. Ondoren hura biluztu nuen, minutu bateko filma lortu arte. Eta Filminute jaialdian aurkeztu nuen».
Filma Miramongo etxe batean errodatu zuen. Alex Peña eta Juanjo Arrizabalaga arkitekto donostiarrek diseinatutako eraikin minimalista batean: «Cotton Candy-n dena zen barrokoa, eta aldatzeko beharra sentitzen nuen. Film honen estetika aurrekoaren aurkakoa da erabat». Kepa Errasti aktorea da protagonista.
Kimuak-en katalogoan sartzea lortu du Morenok (Bucle izenarekin aurkeztu du), eta baita Filminute-en saria lortzeko 25 hautagaien zerrendan ere bai. Filminute jaialdiaren webgunean (Filminute.com) Morenoren lanaren aldeko botoa eman daiteke irailaren 30a arte. Urriaren 6an plazaratuko dituzte irabazleen izenak.
Bestalde, Donostiako Zinemaldian profesionalentzako emanaldi batean Kimuak katalogo lanak aurkeztu eta gero, munduko hainbat jaialditan zehar hasiko dira bidaiatzen euskal ekoizpenak. Beste zenbait donostiarrenak, tartean: Jose Mari Goenagaren Lagun mina eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun?, besteak beste.