Musikagileak zirkuitua San Bizente elizan hasiko da
Daniel Oiartzabal organo jotzailea zuzenean arituko da, doako emanaldi batean
Musikagileak elkarteak antolatutako Euskadiko Musika Garaikidearen Zirkuituaren lehen ekitaldia San Bizente elizan egingo dute bihar, 20:00etan. Daniel Oiartzabalek bakarkako emanaldia egingo du; XX. eta XXI. mendeko obrak interpretatuko ditu. Organo jotzaileak nolabait «obsesio» bihurtu direla aitortu du: «Beharbada 50 urte igarotzen direnean obra hauek maisulan bihurtzen dira; amorrua emango lidake horiek ez jo izana». Emanaldia doan izango da.
Ramon Lazkano konpositore donostiarrak eta Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko kideak zirkuituaren helburua «euskal musikarien lana aurkeztea eta zabaltzea» dela adierazi du. Programak askotariko kontzertuak antolatuko dituela azaldu du: «Organo bakarreko kontzertua, elektronika eta ikus-entzunezkoak nahastuko dituen emanaldia… Jendeari esperientzia artistiko berriak ezagutzeko aukera eman nahi diogu; eta entzule berriak erakarri nahi ditugu».
Musika Garaikidearen Zirkuituaren bigarren ekitaldia da aurtengoa: «Musika garaikidearen interpretazioaren alorrean diharduten Euskal Herriko profesional taldeen lana babestu behar dugu».
Aurten gainera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz ez ezik, Iruñea ere izango da egitarauan. Hiriburu bakoitzean bina emanaldi antolatu dituzte.
San Bizente eliza ez ezik, Viktoria Eugeniako klub aretoa ere zirkuituaren eszenatoki izango da ostegunean. Laboratorio Klem taldeak joko du 20:00etan. Olatz de Andres dantzari donostiarrak, Iñigo Ibaibarriaga saxofoi jotzaileak eta Jesus Maria Garmendia perkusio jotzaileak osatzen dute proiektua. Sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Emanaldia hasi baino ordubete lehenago Sormenari buruzko hizketaldiak saioa egingo dute. Sortzaileen eta ikusleen arteko espazioa izango da. Kontzertuan interpretatuko dituzten obren inguruan hitz egiteko aukera izango da.