"Nire ustez mugarri diren lau kantari dira, baina ez dira bakarrak"
Juan Gorostidi altzatarrak Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika eta Beñat Achiary musikarien inguruan ‘Lau kantari’ saiakera idatzi du
Dolua izan da Lau kantari idazteko sentitu duen lehen bulkada. Imanol Larzabalekin lehendabizi, eta Mikel Laboarekin ondoren, «dolu kolektibo baten beharra» ikusi zuen Juan Gorostidik (Altza, 1956). «Ez da erraza, heriotzaren inguruko ezinbesteko tabua dela medio. Eta iruditzen zait gizarte batean katalizatzailearen lekua hartu dutenekin dolu kolektibo bat ere egiten dugula, edo egin beharko genukeela”, adierazi du egileak. Haren ustez, «doluak arindu dezake gure malenkonia eta horri atxikitutako zenbait distortsio».
Lau euskal musikari hartu ditu aztergai bere lehen liburuan: Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika. Banan bana, kantuz kantu eta diskoz disko aztertu ditu. Zergatik aukeratu dituen lau hauek? «Bistan da zergatik aukeratu ditudan, gustuko ditudalako. Lauak dira, modu arras diferentean, XX. mendeko gizartean katalizatzailearen lekua hartu dutenak. Nire ustez mugarri diren lau kantari dira, baina ez bakarrak. Badira gehiago jakina».
Gorostidiren iritziz, haren liburuko protagonistak «ez dira herri kanta sorta baten egile hutsak. Benetako musikariak dira. Zenbait hautu apurtzaile egindakoak dira. Eta normalean ez diogu horri erreparatzen. Azalkerira jotzen dugu; kantak gustatzen zaigu, edo ez».
Dolua egitea «erraza ez dela» azaldu du: «Imanolen kasuan badirudi amildegira eraman zuen patuaren indarrak indarrean jarraitzen duela, eta harrapakin sektarioa izaten jarratzeko baino ez dela haren izena gogoratzen; haren gizatasuna eta ekarpen artistikoa baztertuta utzirik».
Laboaren kasua bestelakoa dela adierazi du: «Badu dolu faltsutik berarekin gerta litekeen mitifikazio errazak. Errazegia baita orain tipo xelebre maitagarri gisa onartzea, gure euskaltasunak beharrezko baititu apaingarriak ere».
Liburuaren hasieran musikaz orokorrean eta XX. mendean musika herrikoiak bizitu zuen eraldaketaren inguruan gogoeta egin du: «Ez dugu euskal musika herrikoiaren urrezko aroa ulertuko joan den mendean gertatutako iraultzak kontuan hartu ezean». Ondoren lau kantarien ibilbideetan mugarri izan ziren gertakizunak kronologikoki azaldu ditu zenbait ataletan: Ruper Ordorikaren ‘Hautsi da anphora’ estreinako diskoa; lau kantarien helduaroa jasotzen duen zatia; eta hildakoei, Imanol eta Laboari eskainitakoa.
Ordorika eta Achiary, etorkizuna
Beñat Achiary eta Ruper Ordorika euskal musikaren urrezko aroaren jarraitzailetzat jo ditu: «Heldutasunak ematen duen askatasunetik ari dira lanean. Egun, haien emana askoz ere libreagoa da. Oraindik asko dugu disfrutatzeko haien ahotik». Azken atala haiei eskaini die: «Achiaryk nahiz Ordorikak bizitutako azken zikloaz aritu niaz, eta horrekin nolabait, etorkizunaz».
Laboa, ezezaguna
Liburuaren aurkezpenean protagonista bakoitzaren inguruan ezagugarri bat azpimarratu nahi izan zuen. «Imanolengan hiru aro antzeman daitezke. Hastapen militantearena, aro liriko klasikoa eta azkenik, azken aro bat, non gainbehera pertsonal bat gertatzen den eta baita noeraeza estetikoa ere bai. Nire ustez bera izan zen aro liriko klasikoan euskal musikan goia jo zuena». Laboaren inguruan, eta kontraesana badirudi ere, «ezezaguna» izaten jarraitzen duela azaldu du: «Laboa kasu bakana da Europan XX. mendean, eta gure artean kantu sorta eder batzuengatik da ezagunen, eta ez bilaketa sakonak eta arrisku latzak hartzeko gai izan zen artista harrigarri bezala. Nire lana Laboa artista entzun eta ezagutzeko gonbitea izatea nahiko nuke».
Beñat Achiaryk Donostian azken aldiz Lugaritzeko eskaileretan jo zuela gogora ekarri du Gorostidik: «Laboa ezezaguna bada, zer esan Beñat Achiaryri buruz? Eta munduan zehar euskaldunok dugun enbaxadore artistiko behinenaz ari naiz. Munduan zehar lehen mailako eta joera ezberdineko musikari zerrenda batekin jo du. Ausartuko nintzateke esatera Laboa eta Achiary zentzu askotan txanpon bereko aurkia eta ifrentzua direla». Eta Ordorikak, «rockak ekarritako iraultza herri musika garaikidean ez dagoela unean uneko ezinbesteko urgentziazko eztanda batzuei soilik lotua» erakutsi duela uste du.
ARGITALPENA: ‘LAU KANTARI’
Argitaletxea: Pamiela. Orrialde kopurua:192. Salneurria: 18 euro.