Udal gizarte zerbitzuetara lehen aldiz jo duten familiak 4.201 izan dira
Krisi ekonomikoaren zama handia da oraindik eta Sustapen Elkarteak 2010. urtean zehar bildutako datuek ez dute kontrakorik adierazten. Nahiz eta hiriko ekonomiak, Barne Produktu Gordinaren parametrotan, %1,7 egin duen gora, enplegu eta gizarte zerbitzuetako bulegoek eskainitako datuak ez dira baikorregiak.
Izan ere, iaz 14.915 familiek jo zuten hiritik zabalduta dauden udal gizarte zerbitzu bulegoetako batera. Horietatik, 4.201 familiarentzat lehen aldia zen halako zentro bat zapaltzen zutena. Era horretan, 2009arekin alderatuz, diru laguntza eskariak gora egin du. Gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzak hazi dira; larrialdi egoeretara bideratutakoek, berriz, behera egin dute. Behera egin du, halaber, gizarte zerbitzuetako bulegoetan artatutako familia kopurua. 15.178 izan ziren 2009an.
Langabezia datuak ere ez dira txalotzekoak. 2010 urte bukaeran 9.457 lagun ziren hirian lanik ez zutenak. Altza, Amara, Erdigunea eta Groseko auzotarrak dira egoera okerrenean daudenak. Auzo horietan langabezia-tasa %10etik gora dago. Tasarik baxuenak, aldiz, Loiola (%8,3), Martutene (%8,3) eta Intxaurrondokoak (%7,9) dira. Krisiak lanpostuak eratzeko erraztasunik ematen ez dituen bezala, erosteko ahalmena handitzeko ere traba izaten da. Batez beste, 2.068 eurokoa da donostiarren hileko soldata. %4 egin zuen behera erosteko ahalmenak. Arlo honetan, halaber, auzo batzuen eta besteen artean aldeak daude. Altza eta Egia jo daitezke txiroenen artean. Egian, esaterako, erosteko ahalmenak %14 egin zuen iaz behera. Aieten, berriz, batez besteko soldata 2.600 eurokoa da.
Kultura eta kirolak datu itxaropentsuagoak eskaini ditu. Kultur etxe eta liburutegietan jende gehiago dabil. Herritarrek sasoian mantentzeko gogoa eta interesa dutela nabari da. Kiroldegietan 2,5 milioi sarrera baino gehiago zenbatu zituzten iaz, 2009an baino %10 gehiago.
Donostia Kirolak zortzi kiroldegietan eskaini zituen kirol jarduerek 1.710.421 erabiltzaile izan zituzten 2010ean. 2009an, 1.660.280 izan ziren. Erabiltzaile kopuruak, beraz, % 3ko hazkundea izan du. Zuhaizti, Bentaberri, Bidebieta, Altza eta Gaska kiroldegietan nabaritu da hazkundea; Paco Yoldi, Egia eta Mons kiroldegiek, aldiz, beherakada txiki izan dute.
Amara, Erdigunea eta Altza
Populazio datuek, bestalde, ez dute aldaketa nabarmenik izan. Oraindik ez du berrehun milako muga gainditu; 185.506 biztanle baititu hiriak. Amara, Erdialdean eta Altzan bizi da herritar gehien; 20.000 inguru bakoitzean. 2006tik 2010era bitartean, Aieten, Miramon-Zorroagan eta Zubietan %10 igo da biztanleria. Erdialdeak, ostera, % 10 baino gehiago galdu du.