Belar hockeyaren gorenean
Realaren emakumezkoen taldeak eta Donostiako Atletikoren gizonezkoen taldeak ligak hasi berri dituzte dagozkien Ohorezko Mailetan; helburu desberdinak dituzte, baina badute zer kontatu.
Donostiak belar hockeyko bi talde ditu gorengo mailan jokatzen; Reala emakumezkoetan eta Donostiako Atletiko, gizonezkoetan. Emakumezkoek gizonezkoek baino bide hobea egin dute azken urteetan. Iaz, esaterako, Ligako titulua lortzeko zorian egon ziren, baina, final eztabaidatsu baten ondorioz, bigarren postuarekin geratu ziren txuri-urdinak. Gizonezkoak, berriz, aurten itzuli dira gorengo mailara, Ohorezko B Mailan urtebetez sufritzen egon ostean. Talde bakoitzeko kideetako batekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak beraien egoeraren berri zehatzagoa izateko.
Carlos Castaño argentinarra da Realeko entrenatzailea, eta pozik dago, nola ez, taldearen jardunarekin. Izan ere, Alcalaren aurka 0-3 irabazita hasi zuen liga asteburuan. «Pozik gaude garaipenarekin, zelai zaila baita eta oso ondo jokatu baikenuen». Castañok gutxi gora-behera iazko taldea mantentzea lortu du. Hala ere, bajak betetzeko bi jokalari gazte igo ditu; Maider Altuna eta Nereba Belzunegi; eta bi fitxaketa ere egin ditu; Jossi Boesser eta Laura aurrelariak. «Jubenilek ongi erantzun dute lehen partidan, baina adinari dagozkion akatsak izan dituzte», dio Castañok. Edonola, argi du ez dutela batere erraza izango Ligan iaz egindakoa gainditzea, eta momentuz ez du Euroligarako planik egin nahi. Edonola, hala adierazi du Castañok Holandako Hertogenbosch eta Azerbayaneko Atasport taldeei buruz; «urtarriletik aurrera hasiko gara Euroliga prestatzen. Gainera, talde zailenen aurka arituko gara, titulua lortzeko faboritoak baitira biak ere».
Ligako hurrengo partida Club Egararen aurka jokatuko dute, Bera Beran, igandean, 10:30ean. Castañoren hitzetan, Egara eta Club de Campo dira gehien fitxatu duten taldeak, baina ez da horren beldur. «Harrobiko jokalariak igo ditugu; fitxaketa garrantzitsuak egin dituzten taldeek izan behar dute presioa, ez guk».
Atletiko gaztea da aurtengoa
Atletikok itxura berria du aurtengo denboraldirako, bertako jokalaria den Pello Azkoagak azaldutakoaren arabera. Momentuz Ligako bi partida jokatu dituzte, bat irabazita eta bestea galduta. «Taldean aldaketa asko egon dira; jokalariz justu genbiltzan eta gazte askori lekua eman diegu. Asteburuan, esaterako, 16 urteko lau jokalari etorri ziren jokatzera». 2010ean, Ohorezko Maila galtzeak izan zuen bereziki taldearen egituran eragina. «Etxeko jokalariek jarraitu genuen, baina atzerritarrak joan egin ziren. Diru gutxiago dugunez, zaila izan da atzerriko jokalari onak ekartzea, baina pozik gaude aurten ekarritakoekin».
Kontuak kontu, mantentzea da Donostiako Atletikoren helburua. «Lau talde oso indartsu daude Ligan eta gainontzekoak ahalik eta gorenen bukatu nahi dugu». Bide batez, gazteei ere tokia eman nahi diete. «Oso gogor ari dira entrenatzen eta hobetzen doaz». Pozuelo jasoko du Atletikok igandean etxean, Realaren partidaren ostean, 12:30ean.