Golegile bikainak ditu Bera Bera Eskubaloiak
Xixoni 15-34 irabazi ondoren, Mar Alicante izango da Donostiako taldearen hurrengo aurkaria, larunbatean
Ligan jokatutako lehenengo hiru partidatan Bera Bera Eskubaloiak 99 gol sartu ditu. Horietatik 39 Kukullagari, 26 Itxakori eta 34 Xixoni. Bereziki, taldeko bi jokalari izan dira hiru partida horietako golegile nagusiak. Izan ere, 99 gol horietatik 17 Eider Rubiok sartu ditu eta beste 17 Melinda Bertak. Argi dago, beraz, jokalari aski garrantzitsuak direla taldearen garaipenak bideratzeko.
Partidaz partida aztertuta, Rubiok, esaterako, sei gol sartu zizkion Kukullagari, beste sei Itxakori eta bost Xixoni. Bertak, berriz, sei sartu zizkion Kukullagari, zazpi Itxakori eta lau Xixoni. Ondoren, Anna Punko (13 gol), Matxalen Ziarsolo (11 gol) eta Eli Pinedo (11 gol) dira gol gehien lortu dituztenak. Hurrena Dara Carballo da (10 gol) eta Bea Fernandez bere atzetik (9 gol).
Sailkapenean hirugarren postuan dago Bera Bera momentu honetan. Itxako lehen postuan dago, baina Mar Saguntorekin banatzen du postua. Bera Berak oraingoz hiru partidatan bi garaipen lortu ditu: 39-19 irabazi zuen Kukullagaren aurka; 27-26 galdu zuen Itxakoren aurka eta 15-34 irabazio zion Xixoni asteburuan.
Hurrena, etxean
Reyes Karrerek zuzentzen duen taldearen hurrengo aurkaria Mar Alicante izango da. Bidebietan izango da norgehiagoka, larunbatean, 19:00etan. Itxakoren aurka 20-29 galdu zuen Mar Alicantek. Ohiko astea antolatu du Karrerek entrenamenduei dagokienean. Gaur, arratsaldean entrenatuko dute, eta bihar eta etzi goizez.