‘Iparraldeko haizearen kontra’ obra estreinatuko du Tanttakak
Donostia Kulturak 38 ikuskizun programatu ditu udazkeneko arte eszenikoen denboraldian
Zikloak, jaialdiak, dantza ikuskizunak, antzerki emanaldiak, kontzertuak… Urria, azaroa eta abendua bitartean jatorri eta estilo desberdinetako artistak izango dira hiriko eszenatokietan. Musika garaikidea eta antzinakoa; dantza konpainia entzutetsuak eta koreografo gazteak; eta Txilen Pinocheten diktadura irudikatzen duen antzerki ikuskizunetik, euskal aktoreen emanaldietara.
‘Amar en tiempos revueltos’ antzezlanak antzerki konpainia batek zentsura frankistari aurre egiteko borroka erakutsiko du. Cayetana Guillen Cuervo aktorea da obrako aktore nagusia. Kubako Balletak, berriz, ‘Beltxargen aintzira’ taularatuko du Kursaal Auditorioan.
Euskarazko antzezlanak ere izango dira udazken honetan. Tanttaka konpainiako zuzendariak, Fernando Bernuesek, lan berria aurkeztuko du Antzoki Zaharrean: ‘Ipar haizearen kontra’. Euskaraz eta gaztelaniaz taularatuko du. Internet bidez, ustekabean, gizon eta emakume baten elkarrizketak lotuz doaz. Aurrez aurre topo egiten dutenean, ordea, bizirik iraungo al dute emozio horiek? Kike Diaz de Radak, Itziar Atienzak eta Joseba Apaolazak interpretatuko dute.
Takoiak Airean konpainiak, aldiz ‘Buruz behera’ lana aurkeztuko du. Kandido Urangaren eskutik Jon Miranderen lanen parte bat ezagutu ahal izango du publikoak. Mirandek Andima Ibiñagabeitiari bidalitako gutunak eta haren poemak izango ditu ardatz ‘Jon Mirande’ ikuskizunak. Teresa Calo antzezle donostiarrak, berriz ‘Carrera de obstaculos’ lana aurkeztuko du. Komedia formatuan kontatuko du egun emakumeek bizirik irauteko egiten duen borroka.
Donostiako Kresala dantza taldeak azken lana ekarriko du Viktoria Eugeniara. Haurrentzako prestatutako ‘Buba’ ikuskizuna aurkeztuko du hirian.
Latinoamerikako antzerkiari ere leiho bat ireki diote denboraldi honetan. Itinerarte Translatines jaialdiak ekarriko ditu Mexiko eta Txileko sortzaileen lanak. «Herrialde haietako errealitateari lotutako antzerkia da; konpromisoa erakusten duena», adierazi du Norka Chiapusok, arte eszenikoen programazio arduradunak.
Malandain Biarritz Balletak Donostia Kulturarekin elkarlanean ekoiztutako ‘Lucifer’ ikuskizuna ekarriko du Viktoria Eugeniara. Izaki hilkorrak maitatzeagatik eroritako aingeruei buruzko lana da.
Kultur etxeetan eta Viktoria Eugenia klubean koreografo eta antzerkigile berriek euren lanak erakusteko aukera izango dute. Marta Navaridas dantzari donostiarrak ‘Your Own Personal Circus’ lana aurkeztuko du. Dantza, antzerkia eta zirkua nahasten dituen ikuskizuna da. La Mona Ilustrek berriz ‘Los peces no vuelan’ ekarriko du. Amets oniriko bat sortuko dute taula gainean. Gauza txikien garrantziaz, eta sentsazioen zergatiaz gogoeta egiten duen lana da.
Jazza, rocka eta popa; klasikoak eta modernoak; abesbatzak, taldeak eta bakarlariak… Musika egitarauak ikusle mota guztiak asetu nahi ditu: Musikeneko ikasleek osatutako big bandaren jazza, El Sueño de Morfeo, AEBetako Lizz Wright abeslaria, Ken 7, Mikel Urdangarin, Los Secretos, Mikel Markez eta Erramun Martikorena…Musikazaleek badute non aukeratu.
Jabier Muguruzak Mikel Azpiroz piano jotzaile donostiarrarekin batera grabatutako ‘Bikote bat’ disko berria aurkeztuko du zuzenean Lugaritzen. Ruper Ordorikak ere ‘Hodeien azpian’ disko berriko kantak joko ditu.
Bertso zirkuituan emanaldi garrantzitsua da ‘Donostia Bertsotan’. Jon Maia, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Uxue Alberdik parte hartuko dute aurten. Bihotz Bakartien Klubak sortutako Katamalo musika proiektua eszenatokietara itzuliko da, eta Antzoki Zaharrean izango dira zuzenean Alex Arregi, Aintzina Lekue, Gorka Mugarza, Gorka Urbizu, Gotzon Barandiaran, Itxaso Etxebeste, Mikel Abrego eta Nerea Urbizu.