"Oso polita izango litzateke txapela lortzea, pilotari guztiek nahi duguna baita"
Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du Mikel Egigurenek Durangon, larunbat arratsaldean
Munduko Pilota Batzarrak bi txapelketa nagusi antolatzen ditu zesta puntan; bata Binakakoa, eta bestea, Buruz Burukoa. Iaz, laugarren aldiz finalera iritsi ondoren, Binakako Txapelketako irabazlea izan zen Egiguren, Imanol Lopezekin batera. Larunbatean, ordea, buruz buruko lehiako txapela lehen aldiz janzteko aukera izango du (17:00etan, Durangon). Irutxuloko Hitzak Aieteko puntistarekin hitz egin du, astearteko finalerdiaz, eta larunbateko finalaz.
Finalera iristeko bi aurkari utzi behar izan ditu kanpoan Egigurenek. Final laurdenetan, Konpari 30-9 irabazi zion; eta astearteko finalerdian, berriz, Lopez 30-20ko markagailuarekin kanporatu zuen. «Asteartekoa sekulako partida izan zen, 13ra berdindu genuen arte. Oso tanto gogorrak jokatu genituen, eta fisikoki asko eskatu zigun bioi», dio Egigurenek. Berdinketatik aurrera, ordea, partidak gorri kolorea hartu zuen eta Egigurenek aurrera hartu zuen. «Lopezi arazo fisikoak agertu zitzaizkion, hankan kontraktura bat izan baitzuen. Nik oso ongi jokatu nuen eta gorako bidea egin nuen. Guztiaren eraginez, partida irabaztearen zortea izan nuen». Edonola ere, azken markagailuak alde handiko lehia erakusten badu ere, Egigurenen esanetan, ez zen izan ematen duen bezain erraza. «Margailua nahiko engainagarria da, partidaren lehen zatia oso gogorra izan baitzen».
Anoetako Karmelo Balda pilotalekua izan zen finalerdiko partidaren eszenatokia, eta harmailetan ikusle asko elkartu zirela aipatu du Egigurenek. «300 lagun zeuden Baldan, eta oso pozgarria izan zen, bai pilotarientzako bai antolatzaileentzako. Izan ere, Donostian 300 lagun biltzea ez da gauza makala. Bi pilotariak gipuzkoarrak izatea nabaritu zen frontoian». Gainera, finalerako txartela etxean bertan lortzea, oraindik ere pozgarriagoa izan zela onartu du Egigurenek. «Etxean jokatzea eta irabaztea oso garrantzitsua da. Gainera, nire lagun asko egon ziren frontoian, eta pozik geratu nintzen emandako mailarekin».
Begirada finalean
Egigurenek Irutxuloko Hitzaren deia atzo goizean jaso zuen, eta oraindik ez zekien ziur zein izango zen finaleko bere aurkaria. Izan ere, arratsaldean jokatu behar zuten Goikoetxeak eta Hernandezek zegokien finalerdia. Hala ere, Egigurenek Goikoetxearen alde egin zuen. «Fisikoki ongi nago eta pentsatzen dut Iñaki Goikoetxearen aurka jokatuko dudala finala. Oso pilotari handia da buruz burukoan, eta ziur nago oso partida gogorra izango dela». Edonola ere, badaki zer izango duen bere alde: faboritoa ez izatea. «Ni dena ematera aterako naiz, baina presioa berak izango du, bera baita faboritoa. Ea zortea izaten dudan».
Irabazteko nondik jo behar duen galdetzerakoan, ordea, erantzun zaila dela uste du Egigurenek; Goikoetxea oso pilotari osoa dela uste duelako. «Ahulgunerik ez diot ikusten, oso pilotari ona da eta dena ongi egiten du. Nik partida bikaina egin beharko dut, oso ongi atera, errematatu, kantxan asko mugiarazi dadila eta ausart aritu». Gainera, donostiarrak argi utzi du buruz buruko txapela lortzeak sekulako poza emango liokela. «Oso polita izango litzateke txapela lortzea, pilotari guztiek nahi duguna baita. Finalean egotea bakarrik sari bat da, baina, hain gertu egonda, dena emango dut kantxan txapela janzteko».
Behin bi txapelketa nagusiak bukatuta, azaroko azken astelehenean, Gernikako jaiaren barruan, bertako jaialdian parte hartuko du Egigurenek. Hala, denboraldi nagusiari bukaera emango dio. Ondoren, Bartzelona edo Mexikora jo dezake, beste lehia batzuetan parte hartzera. Urtarrilean, berriz, Orlandora (AEB) joango da, bertan hiru hilabete igarotzera, hainbat lehietan parte hartuz.