"Eskuzabaltasuna eta ausardia" behar direla diote nazioarteko eragileek
Herritar nahiz komunikabideen arreta gune nagusia izan da Aieteko jauregiko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea. Zinemaldiko egunen pare, azken urteetan hainbat herrialdetan izan diren gatazka politikoak konpontzen adituak diren nazioarteko izarrak ez dute Euskal Herrian Bakearen Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzian parte hartzeko gonbiteari hutsik egin.
Eguerdian hasi dira parte hartzaileak iristen. Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia 13:09etan heldu da. Segidan, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak jaso dute Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren, Juan Karlos Izagirre alkatearen eta Brian Currin hegoafrikar bitartekariaren agurra.
Denborarik galdu gabe, 14:00etan hasi dute konferentzia, ateak itxita, eta 17:10 inguruan, bilkuran adostutako ondorioak irakurri dituzte.
Bertako gatazkari aurre egiteko zer egin behar den eskatzeko inongo eskumenik ez dutela argi utzita, euren eskarmentuan oinarritutako bost ondorio plazaratu ditu Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak: lehenik, ETAri bere jarduera behin betiko amaitzeko eskatu diote. Bigarrenik, egoera hori emango balitz, Frantzia eta Espainiako Gobernuek elkarrizketa has dezatela eskatu dute. Ondoren, biktima guztien aitortza eta adiskidetzerako pausoak eman behar direla zehaztu dute. Laugarrenik, gai politikoak jorratzeko, eragile guztiak elkartzea beharrezkoa dela adierazi dute; eta azkenik, jarraipen batzordea eratzeko prest agertu dira Aieteko jauregian bildu diren bitartekariak.
Nazioarteko eragileek, era berean, bake iraunkorra lortzeko, «ausardia eta eskuzabaltasuna» beharrezkoak izango dela jakinarazi dute.
Udal ordezkariak
Erabateko normalizazio, gardentasun eta inklusio politikoan oinarritutako egoera lortzeko urratsak ematea helburua zuen goi bilerak ikusmin handia sortu du, halaber, udaletxean.
Udal Gobernuko bozeramaile Josu Ruizen iritziz, «balio izugarria» du biltzarrak. Ruizen hitzetan, «horrelako pausuen ondotik beste asko etorriko dira, Euskal Herriak sufritzen duen gatazkaren benetako konponbidea ahalbidetuko dutenak». Bilduko ordezkarientzat, gainera, «gatazkaren konponbidea eta eskubideen errespetua» agintaldian zehar lehentasunezko lan lerroak direla azpimarratu du.
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak «itxaropenerako» garai berriak zabaltzen ari direla adierazi du, eta atzokoa ETArik gabeko eta askatasuna eta bakea nagusi den hiri eta herrian bilakatzeko urratsa izatea espero du. Era berean, Bilduko Udal Gobernuari ausart aritzeko eta ETAri desagertzeko eska diezaiola aldarrikatu dute.
Eneko Goiak Aieteko jauregiko jardunak «denok desio ditugun emaitzak ematea» espero du, halaber. Konferentzia Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean ospatzeak, gainera, garrantzia duela nabarmendu du, «Donostia aitzindari izan behar duelako normalizazio eta bake prozesuaren baitan», dio Goiak.
Hiru udal taldeetako bozeramaileek egindako adierazpen baikorren beste aldea erakutsi du Ramon Gomez PPko bozeramaileak. Haren ustez, nazioarteko ordezkariek ateratako ondorioek ez dute balio handirik, hiru ordutan ezin delako urteetan jazotako guztia kontatu. Gatazkari aurre egiteko, Bilduri dagokiola ETAri desagertzea eskatzea esan du. Konferentzia Donostian Bildu agintean dagoelako egin dela gaineratu du. Gomezen iritziz, halaber, biktimak ez dira ekitaldi honetan aintzat hartu eta Madrilen atzetik, ETAren biktima gehien duen hiria Donostia dela adierazi du. «Iragana gaintzen ez badakigu, etorkizunari aurre egitea ezinezkoa» dela azaldu du PPko bozeramaileak.