Euskal Pizkundearen bultzatzaileak ekarriko dituzte gogora San Telmon
Joxe Ariztimuño ‘Aitzol’, Katalina Eleizegi eta Joseba Zubimendiren ibilbideak aztertuko dituzte, besteren artean
Elbira Zipitria, Ander Arzelus, Antonio M. Labaien, Xabier Lizardi, Orixe, Barriola, Maria Dolores Agirre, Katalina Eleizegi, Aita Donostia, Joseba Zubimendi, Jesus Maria Leizaola, Manuel Lekuona… Hiriko hainbat kalek Euskal Pizkundearen belaunaldiko hainbat egileren izen abizenak daramatzate.
Halere, horietako asko eta asko oharkabean igaro dira. Aurten 75 urte dira Joxe Ariztimuño ‘Aitzol’ fusilatu zutela. Mugimenduari hasiera eman zion. Duela 115 urte jaio zen Tolosan; eta bizitzaren zati handi bat Donostian egin zuen kulturgile eta apaiz ezagunak. Urte haietan eta Aitzoli esker Donostiak aurrerapauso handiak eman zituen euskaltzaletasunaren alde. Hark abian jarritako Euskal Pizkundearen bizi poza ekarri nahi dute gogora. Izan ere, euskarak ordu arte inoiz ezagutu zuen kultur mugimendu bizi eta eraginkorrena protagonizatu zuten.
Hiru eguneko jardunaldiak
Donostian izan zuen egoitza Aitzolek 1930ean Eusko Ikaskuntzaren babesean sortu zuen Euskaltzaleak taldeak. Egunotan, hain zuzen, Eusko Ikaskuntzak eta Donostia Kulturak hiru eguneko jardunaldiak prestatu dituzte San Telmo Museoan. Asteazkena eta ostirala bitartean hainbat hitzaldi egingo dituzte Euskal Pizkundearen ondarea eta egileen inguruan.
Euskal Pizkundeak euskarari, kulturari eta arteari bultzada handia eman zion. Joxe Ariztimuño Aitzol euskaltzaleak taldearen sortzaile ez ezik, beste hainbat proiekturen bultzatzaile izan zen. ‘El Dia’, Errepublika garaiko egunkaria ere bere egitasmoa izan zen; euskal kulturari tratamendu berezia eman zion lehena. Donostiako Udal Liburutegiak ‘El Dia’-ren bilduma osoa gorde zuen, eta egun, internet bidez kontsulta daiteke. Aitzolek berak hainbat artikulu idazten zituen eta Aitzolekin batera garai hartako kulturgile eta idazlek. ‘Yakintza’ aldizkaria ere hark sortu zuen. Literatura aldizkaria zen; ‘El Dia’ eta ‘Yakintza’, biak ala biak Euskal Pizkundea aztertzeko ezinbesteko iturritzat dituzte.
Lourdes Otaegi, EHUko irakasle eta Eusko Ikaskuntzako kidea izango da jardunaldion koordinatzailea; bertsolaritzaren inguruko hitzaldia emango du, asteazkenean. Xabier Euzkitzek, berriz, Joseba Zubimendi eta bertsolaritza eta prentsaren arteko lotura aztertuko du. Euskal Pizkundea eta emakume berria gaia izango du ardatz Jone M. Hernandezen hitzaldiak. Ostegunean, Jose Ignazio Ansorenak, Xabier Otaegik, Txema Vitoriak eta Joserra Senperenak Euskal Pizkundea eta haur abestien inguruan mintzatuko dira. Eta azken egunean, ostiralean, emakumeak izango dira nagusi. Emakumeek kulturgintzan jokatutako papera eta Katalina Eleizegiren figura aztertuko dituzte, besteak beste. Hitzaldi guztiak San Telmo Museoan egingo dituzte, 19:30ean.
San Telmo Museoa: Aitzol eta euskal pizkundea
- Asteazkena 19. Bertsolaritza, plazatik oholtza gainera. Lourdes Otaegi / Joseba Zubimendi, bertsolaritza eta prentsa, Xabier Euzkitze / …Eta bihitza jartzen nuen esaten nuen horretan… Euskal Pizkundea eta emakume berria: idazle, hizlari eta bertsolari, Jone M. Hernandez Garcia.
- Osteguna 20. Euskal Pizkundea eta haur abestiak, Jose Ignazio Ansorena, Xabier Otaegi, Txema Vitoria, Joserra Senperena.
- Ostirala 21. Emakumeak kulturgintzan, Lourdes Otaegi / Katalina Eleizegi, Amaia Alvarez Uria / Sorne Unzueta Utarsus, Igone Etxeberria / Gure herria aldizkaria, begiraleak, Maite Nuñez.