Hormigoiaz aparte
Auditz Akular izeneko gunea izan da asteburu honetan II. Artzain Txakur egunaren egoitza; erakustaldiak eta aldarrikapenak bat egin dute ekimenean.
Eguzkia ere bertaratu zen Auditz Akularrera, II. Artzain Txakur eguna gozatzera. Primerako goiz pasa izateko osagai guztiak zituen Altza XXI ekimenak antolaturiko erakustaldi-lehiaketak.
Altzan gelditzen den gune berderik handienetakoan zeukaten hitzordua ardiek, artzainek, zakurrek, antzarrek eta publikoak. Lehiaketa moduan antolatu dute aurten Artzain Txakur eguna, eta lau parte hartzaile izan zituen egunaren zati honek. Txapela Gorka Muniozguren bizkaitarrak eskuratu zuen, Pustom bere zakurrarekin batera egindako lanari esker.
Artzain irabazleak, hitz batzuk botatzeko garaian, antolatzaileei eskerrak eman zizkien garrantzitsua ikusten zuelako «hormigoiaz aparte pentsatzea». Hain zuzen ere, berea bezalako jarduerek ingurune naturalagoak behar-beharrekoak dituzte-eta. Txapela jantzi zion Juan Karlos Izagirre alkateak bat egin zuen pentsamendu honekin.
Pozik egoteko arrazoiak izan zituzten Altza XXIeko kideek; izan ere, beraien aldarrikapena harrera bikaina izan baitzuen igandean. Momentuz geldirik egotea diruditen egitasmoek, ehunka etxebizitza bertan sortzea barneratzen dute; eta ekimeneko partaideek praktikan erakutsi ahal izan zuten Auditz Akular gunearentzat zein proposamen mota egiten duten.
Baina, antolatzaileak pozik baldin bazeuden, are kontentuago zeuden bertara bildu ziren umeak. Asko eta asko, ardiak ikusteko grinaz; batzuk, zakurrak ikusteko irrikaz; eta besteak, erakustaldiaren parte izateagatik. Izan ere, eta lehiaketatik kanpo, zakur batek antzarrak nola gobernatzen zituen bertatik-bertara ikusi baitzuten. Haurrek osaturiko borobilean hegaztiak sartzean zetzalako artzain iletsuaren erronka. Hauek, eta antzekoak, dira berdeguneetan bakarrik ikus daitezken kontuak.