Poza. Larrua
Iñake Irastorza, aktorea
Poza. Bai, beste askoren antzera pozez gainezka sentitzen naiz. Aste historikoa eta bikaina izan da aurtengo urriaren hirugarren astea. Aieteko Nazioarteko Konferentziarekin eman genion hasiera, eta jarraian, ETAk, jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki duela iragarri du. Azkenean gertatu da, iritsi da, gauzatu da, aspalditik nahi genuen adierazpena. ETAk borroka armatua bukatu du. Ia sinetsi ezinean nabil oraindik, baina sinistuko dut. Eta ospatuko dut. Badakit oraindik egiteko asko geratzen zaigula. Eta jarraituko dugu egiten, baina hau ospatu beharra dago, merezi dugu-eta. Larrua. Alvaro Miranda, Nafarroako gobernuko presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, guztiz aztoratuta bizi da azken aldi honetan. CAN-eko batzordeetara joateagatik jasotzen dituen dietak –60.000 euro xixtrin urtea – direla eta ez direla, sortu den zalapartak harritzen du gizona. Eta ez da gutxiagorako! Betidanik egin den zerbaitegatik, eta erabat etikoa denean gainera, nola sor daiteke horrelako iskanbila? Zer dela-eta? Gure soldata da. “Ni langile bat naiz, eta langile guztiak bezalaxe dut eskubidea soldata bat etxera eramateko”, dio gizarajoak. Ez nau harritzen guztiz desesperatuta egoteak, lurjota seguruenik. Hala ere zer aurpegiera ona duen gizon honek aizue! Norbait urduriago ikusi izan dut bost xentimoko bat lurrean aurkitzeagatik. Arrazoi du gainera, betidanik horrela egin dela esaten duenean. Guk ere bagenekien. Behar bada, ez genekiena zera da: erabat etikoa dela, alegia. Bueno baina, zer axola dio horrek? Kontuan izan beharko genuke Alvaro Mirandak, bere ardurapean, azken aldi honetan ere egin behar izan duen lan gogorra: hezkuntzan, osasungintzan, kulturan, eta beste alor sozialetan ezarri dituen murrizketak direla-eta. Nonbaitetik kendu beharko du bada, erabat etikoa dena betidanik bezala kobratzen jarraitzeko? Nor gara gu langile gizarajo honi soldata ukatzeko? Erresumako erreginari, Yolanda Barcinari, alegia, gauza bera gertatzen zaio. Iaz, 143.000 euro baino gehiago patrikaratu zuela aitortu du, eta erdia baino gehiago gainsarien bidez. Zehatz-mehatz ez dakiguna zera da: Hauek, haiek eta beren akolitoak zenbat diren, eta zenbat urte daramatzaten horrelako dirutzak jasotzen. Asko direla badakigu, eta dirutza hori gu guztiona dela ere bai, eta egiten dutenak “lapurreta” duela izena, eta inork ez duela dimitituko, eta ez dutela dirua bueltatuko, eta ez dutela inongo zigorrik jasoko, eta jasanezina dela, eta gorriak ikusiko ditugula, eta… JUSTIZIA? Larrua behar da gero!