"Bazkideak klubeko bizitzan gehiago sartzea da gure nahia"
Txema Garai: Vasco de Camping elkarteko presidentea
Belaunaldi aldaketa iritsi da Vasco de Campingera, 24 urtez mendi elkarteko presidente izandako Jesus Mari Alquezarrek lekukoa eman baitio Txema Garairi; pixkanaka aldaketak egiten ari da, zuzendaritza talde berriaren eta bazkideen laguntzarekin.
Zazpi hilabete daramatza presidente postuan Txema Garaik (Erdialdea, 1962). Lan karga handia duela onartu du, baina aldi berean ez zaio ilusioa eta lanerako gogoa falta. «Ez dut presidente ona eta pertsona txarra izan nahi. Lana egin nahi dut, baina ez diot nire bizitzari uko egin nahi», aipatu du Garaik. Klubaren egungo egoeraz eta etorkizunaz hitz egin dio Irutxuloko Hitzari.
Nondik datorkizu mendirako afizioa?
Txikia nintzela nire arrebarekin joaten nintzen hondartzara. Lagun batzuk egin nituen han, eta batek esan zuen, ‘San Martin kalean klub bat dago eta ping-pong mahaia dauka’. Arratsaldero jolastera joaten hasi ginen, eta azkenean, klubeko haur taldean sartu ginen, mendi irteeretara joateko.
Nolatan erabaki zenuen presidente postua hartzea?
Txikitatik egon naiz klubaren bizitzara lotuta, gehiago edo gutxiago. 2000. urtean, haurren taldea kudeatzen hasi ginen, eta hamar urtez aritu ginen horretan. Hamar urte horietan, 100 txango egin genituen haurrekin. Bitarte horretan, gainera, Alquezarrekin eta zuzendaritza taldearekin lanean ere hasi ginen. Alquezar presidente izan zen azken lau urteetan nik presidenteorde postua hartu nuen… eta eztakit zergatik, berak ere proposatu zidalako edo, presidente bezala bukatu dut. Gainera, lagun min bat dut, Carlos Hernando, eta bera da orain presidenteordea. Hala ere, jende gehiago behar dugu laguntzeko, lan asko baitugu egiteko. Egunero ordu asko sartu behar ditugunez, lana banatzen saiatzen gara.
Zenbat kide zaudete egungo zuzendaritza taldean?
Orain 12 inguru gaude, baina badaude pertsona dezente lan zehatz bat egiteaz arduratzen direnak. Bazkideak klubeko bizitzan gehiago sartzea da gure nahia. Hala, ez da egongo pertsona bat gauza guztiak egiten, eta lan banaketa bazkideentzat ere baliotsuagoa izango da.
Zerk bultzatu zaitu bereziki lan hau egitera?
Klubak ere asko ematen dizu, jende asko ezagutzen duzu, mendiak eta bide asko ere… nik, adibidez, hilabete hauetan espero ez nuen jende pila bat ezagutzen ari naiz. Bestetik, niretzako oso polita da kanpoko jendeak kluba maitasunez ikusten duela jakitea.
Zergatik uste duzu horren maitatua dela kluba?
Kluba beti bazkideekiko oso gertu egon dela uste dut; eta gainera, oso irekia da, ateak beti zabalik ditugu edonorentzat. Mendiak jendea gerturatzen du, ez daude egoera erosoan, eta sentsibleagoak bihurtzen ditu.
Presidente aldaketa egin zenutenean, Alquezarrek aholkuren bat eman zizun edo zerbait bereziki zaintzeko eskatu zizun?
Nahiko lasai geratu dela uste dut, klubaren filosofia oso barneratua baitugu. Alquezar beti ibiltzen da zirikatzen, baina benetan lasai dagoela uste dut. Berak ezagutzen gaitu, ez gara berriak, eta eguneroko kontuetan berarekin harremanetan egoten gara. Hala ere, guk gure estiloa jarri nahi dugu, gauzak aldatu behar baitira. Belaunaldi aldaketan murgilduak gaude, Alquezarrek eta bere koadrilak nahikoa egin dute, bete dute euren garaia; orain beste garai bat dator, eta hor gaude.
Nola ari zara bizitzen presidente postuko lehen hilabeteak? Espero bezala doaz gauzak?
Bereziki nik lan karga eta ardura handia nabaritu ditut. Hala ere, hilabeteak aurrera doaz, eta pixkanaka-pixkanaka postua ezagutzen ari naiz. Hasieran, Alquezarren omenaldiarekin lan handia izan genuen, baina egunero-egunero zerbait izaten dugu. Datorren astea lasaiagoa izango dela pentsatzen dut, baina beti lanpetuta gabiltza azkenean.
Nola antolatzen zara klubeko lanak egiteko?
Goizean lanean izaten naiz, eta arratsaldero klubaren egoitzan izaten naiz. Arratsalderen batean jai egiten saiatzen naiz, eta posta elektronikoak etxeko ordenagailutik erantzuten ditut, baina beti ezin izaten dut. Astean zehar beti izaten da zerbait egiteko, eta asteburutan mendira joaten saiatzen naiz. Beti alertan egoten naiz, ea norbaitek laguntza behar duen… batzuetan ezin naiz denera iritsi, baina horretan saiatzen naiz. Kargua ardurarekin hartu dut, agian lehenengo urtea delako [barreak]. Klubak seriotasuna eskatzen du, eta oso pozik nago laguntzaileekin. Etxean ere laguntzen didate.
Mendira zure kontura joaten zara edo beti izaten duzu klubarekin lotutako irteeraren bat?
Egia esan, azken aldian beti dago zerbait. Klubeko sailen batek jardueraren bat prestatzen badu, hara joatea gustatzen zait, babesa emateko.
Badakizu noiz arte egongo zaren postuan?
Ziur nago ez ditudala 24 urte beteko presidente postuan. Momentuz, kargua lau urterako hartu dut, gero ikusiko dugu, ez dut hortik aurrerakoan pentsatzen. Buruan proiektu onak izan arren, lau urte hauetan nola moldatzen naizen ikusiko dut; gainera, nire atzetik jende asko dago. Hala ere, badakit hemendik lau urtera kargua uzten badut ere, ez dudala kluba utziko.
Proiektu berriak badituzu eskuartean dagoeneko, ezta?
Datozen hiru urteetarako oso proiektu polita eta interesgarria prestatzen ari gara, Euskal Herria oinez izenekoa. Gotzon Larrea mendizaleak duela urte batzuk egin zuen lana, eta berekin hitz egin dut, Euskal Herrian barrena bira prestatzen laguntzeko. Gutxi gora-behera, 35 txango izango dira. Gure proiektuak pixkanaka egi bihurtzen saiatuko gara. Bazkideei gauza gehiago eskaini nahi dizkiegu; film emanaldiak, erosoago egoteko lekua… Ahal duguna egiten saiatuko gara, eta ea noraino irits gaitezkeen. Klubean ardura berriak hartu dituzten bazkideen gogoa bultzatu nahi dut.
Postua hartu zenutenean bereziki zerbait aldatu nahi zenuten?
Gauza asko ditut buruan. Esaterako, azken pausoa falta zaigu egoitza aldatzeko. Grosekoa txiki geratu zaigu, eta Prim kalera aldatzeko asmoa dugu. Ziur aski, datorren urtean han egongo gara, eta oso pauso handia izango da eguneroko jarduerak antolatzeko. Grosen dagoeneko ez gaude eroso, eta egoitza aldatzean hainbat ikastaro antolatzeko asmoa dugu. Klubeko bazkide boluntarioen laguntzarekin ere larunbatetan irekitzeko asmoa dugu.
Beste sailen bat sortzeko asmoa duzue?
Bizikleta BTT taldea sortu nahi dugu datorren urterako.
Bazkide mugarik jarri duzue?
Bazkideak izatea beti dator ongi. Dauzkagun bi aldizkariak mantendu behar ditugu, egutegia… Gauza horiek bazkideei esker egiten ditugu, eta bazkide iz