Iluntasunetik haratago
Ane Torresen ‘Sentimendu ilustratuak’ margo-bilduma azaroaren 18a arte ikusgai egongo da Loiola kultur etxean; artistaren lehen erakusketa da.
Buruhezur batek gizakiaren izatearen zatirik barrenena irudika tzen du Ane Torresentzat (Loiola, 1990). Batzuentzat «ilun, beldurgarri edo tetrikoak» izan daitezke bere margoak, baina artistak aurreiritziak gainditu eta lehen begiratutik haratago joatera gonbidatzen du ikuslea. Bere lehen erakusketaren izena Sentimendu ilustratuak da eta Loiola kultur etxean ikusgai egongo da, azaroaren 18a arte. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era bisita daiteke.
Gertuko gaiak, ardatz
«Nire artea sentitzen dudan horretan oinarritzen da; barruan daramatzadan sentimendu, ilusio eta ideiak materializatzen saiatzen naiz», azaldu du Torresek.
Bere margoetan askotariko gaiak jorratzen ditu, baina batez ere barrenak astintzen dizkioten horiek ditu gustuko. Musika, esaterako, bere gai kuttunetako bat da; «niretzat musika oso berezia da, egunero entzuten dut; maite dut. Magia da; animatzen dit eta nire bidelaguna da».
Horrez gain, oso bestelako gaiak ere landu ditu, eta horien artean, azpimarragarria da emakume, gizon zein haurrekiko tratu txarren inguruko margo seriea. «Albistegietan lau emakume bost egunetan hil direla ikustean hondoratu egiten naiz. Nire margoekin babesa eta egoera horietatik ateratzeko indarrak helarazi nahiko nizkieke».
Margolan garaikideak
Artistaren obra garaikidea da, eta margoa erakusketaren ardatza den arren, bestelako baliabideak ere erabili ditu. Honenbestez, irudiei atxikita kableak, kristal puxkak, ehuna, etabar ageri dira. «Ez dira margo tradizionalak. Elementuak barneratzea gustuko dut eta horiekin esperimentatzea».
Era berean, irudi guztiak idatzi batez lagunduta daude; artistaren pentsamenduetara hurbildu eta obraren muinera heltzeko; «jendeak obra bakoitzaren atzean zer dagoen ikustea nahi dut».
Lehen erakusketa
Sentimendu ilustratuak loiolatarraren lehen erakusketa da. Arte ederretako ikaslea izaki, oso pozik dago lortutako emaitzarekin; «lan handia egin dut; hein batean oraindik hasiberria naiz, baina erakusketaren ideiarekin oso ilusionatuta nengoen eta hori dela-eta, jo eta ke aritu naiz lanean».
Erakusketa zabaldu berri dutenez, orain dela gutxi arte guztia atontzen aritu da; «lehengoan muntatzen hasi eta gero, ez nuen etxera joan nahi; ez nituen nire margolanak aretoan bakarrik utzi nahi, nire haurrak bezalakoak baitira». Bestalde, gogoan du Jon Urbieta kultur etxeko erakusketen arduradunak ere kutsu «ilun» bat hartu ziola bere lanari, baina «hortik haratago ikusi zuen; zeozer gehiago esan nahi nuela ulertu zuen».
Gaztea zoriontsu dago aukerarekin eta bere lanak izango duen harreraren zain dago, itxaropentsu. Aurrerantzean, ikasten jarraituko du eta etorkizun hurbil batean ilustrazioaz bizitzea gustatuko litzaioke.