PPk eta Bilduk bat egin dute autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko
Udal Gobernuak PP udal taldearen babesa izango du, autobus geltokia Loiolako Erriberan eraiki ahal izateko. Era horretan, bi taldeek gehiengo osatuko lukete Udalbatzan.
Bereizketa politikoak alde batera utzita, PPk eta Bilduk adostutako lehen akordioa litzateke. Ramon Gomez PPko bozeramailearen hitzetan, «Bildu ez zegoenean ere, PPk Loiolako Erriberako aukeraren alde egin zuen». Donostiarrak eta hiriaren etorkizuna «sigla politikoen gainetik» daudela onartu du bozeramaileak. PPk, beraz, «arduraz» jokatu duela erantsi du.
Bilduko Mugikortasun zinegotziak, Jon Albizuk, pozteko adostasuna dela esan du. Aurrerapausoa dela dio eta, orain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin konpromisoak lotzea falta da eta horretan lan egiteko prest daudela nabarmendu du.
Erakunde horiekin ez ezik, Atotxan autobus geltokia egiteko kontratua duten enpresekin ere adostasunera heldu beharko dute. Kontratua desegin eta Loiolako Erriberan azpiegitura eraikitzeko lehiaketa berri jarri beharko dute abian. Dena den, «zerotik ez» dutela hasi behar azaldu du Albizuk. Atotxako aukera mahai gainean jarri aurretik, Loiolako Erriberan eraiki nahi zutelako geltokia eta orduan egin ziren oinarrizko proiektuak baliagarri izan daitezkeelako.