Eleberri "beltz ironikoa" idatzi du Luisa Etxenikek
‘El detective de sonidos’ liburua aurkeztu du idazle donostiarrak, hamargarrena jada
Euskadi Literatur Saria eskuratu zuen 2009an ‘El angulo ciego’ eleberriarekin. Luisa Etxenike (Donostia, 1957) ‘El detective de sonidos’ liburuarekin itzuli da literaturaren plazara. Intrigazko istorioa da: «Ez da ohiko nobela beltza; eleberri beltz ironikoa da».
Iragarki bat da istorioaren abiapuntua. Gazte batek soinu biografiak saltzen dituela iragarriko du. Azken aldian hainbat abesti deskargatu ditu Internetetik, dirua behar du, eta kanta bildumarekin dirua irabazi dezakeela uste du: «Bezeroen bizitzan garrantzitsuak izan diren abestiekin diskoak egitea pentsatu du. Soinu biografiak egin ditzakeela uste du». Bi bezero lortuko ditu, baina haien eskakizunek ez dute berak espero zuenarekin zerikusirik.
Lehen bezeroa emakume zahar bat izango da. Ez du abesti bildumarik nahi. Bere bizitzan garrantzitsuak izan diren soinuak berreskuratu nahi ditu, eta laguntza eskatu dio iragarkia jarri duen gazteari. Bigarrenak ere ez du musika eskuratzeko laguntzarik behar. Pertsona bat behar du blog bat sortu ahal izateko. Eta zetarako sortu nahi du blog bat? Hilketa bat aitortzeko: «Hilketa batean izandako parte hartze bitxia aitortu nahi du, eta Interneteko erabiltzaileekin partekatu nahi du.
Bi bezeroen bizitzen detektibe bihurtuko da protagonista gaztea: «Halere, eleberri beltzetan ohikoa den moduan, protagonista bere bizitzaren detektibe ere bihurtuko da. Egun osoa entzungailuak jarrita ematen zuen musika entzuten; orain, ordea, bere bizitzako soinuak ekarri beharko ditu gogora. Mingarriak diren oroitzapenak berreskuratu eta haiei aurre egin beharko die».
Etxenikeren ustez, modernitatea eta teknologia; memoria eta ironia dira eleberri berriaren hiru osagai nagusiak: «Irudiz asetzen gaituzten mundu honetan soinuen garrantzia azpimarratu nahi nuen. Soinu asko egunerokoan daude, ez diegu erreparatzen, baina gure memoriaren zati garrantzitsua dira».