'Pulp Visions' erakusketa aurkeztu dute Okendon
Vicente Ballestar egile kataluniarraren ilustrazioak erakutsi dituzte Groseko kultur etxean. Abenduaren 10a arte izango da erakusketa zabalik
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen Komiki Jardunaldien barruan aurkeztu dute Vicente B. Ballestar (Bartzelona, 1929) marrazkilariaren ‘Pulp Vision’ erakusketa Okendon. 70eko eta 80ko hamarkadan John Sinclair detektibearen eleberrien azalak apaintzeko egindako ilustrazioak ikus daitezke bertan. Komikiaren eta fantasiazko eleberrien urrezko garaira eramango ditu bisitariak. Irudiak, ordea, egun sortu dituela dirudi, artista berriengan eragin izugarria duen ‘retro’ estilokoak baitira; publikoak miresten duen ‘vintage’ estetika dute, finean.
Okendon generoaren inguruan egindako lanak bildu dituzte, baina Ballestar-ek askotariko lanak egin ditu; Zezen korriden kartelak eta ‘western’ generoaren ingurukoak, besteak beste. Ballestar-ek 82 urte ditu egun. Oraindik ere margolari gisa lan egiten du. Kataluniako akuarela margolarien elkarteko kidea da. Erakusketa abenduaren 10a arte izango da ikusgai. Astelehenetik larunbatera izango da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.