Gorka Otxoa: "Film honetan guztiz eraldatu egin naiz"
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak Gorka Otxoari (Amara Berri, 1979) egin dio harrera. ‘Pagafantas’ (2009) filmean gustuko duen neska lortzeko edozer gauza egiteko gai dela erakutsi zuen. Oraingoan aktore gaztearen zaleek gizotsoen aurka ikusiko dute borrokan. Fantasiazko zinema eta komedia nahasten dituen ‘Lobos de Arga’ filma aurkeztuko du gaur, 17:00etan. Lepo beteko da Antzoki Zaharra, sarrerak agortu egin dira-eta.
Nola laburbilduko zenuke ‘Lobos de Arga’ filmaren istorioa?
Tomas izeneko idazlearena egiten dut. Liburu bakarra idatzi du, eta porrot egin du. Ustekabean, Argatik, bere familiaren herritik dei bat jasoko du. Herriko seme izendatu omen nahi dute. Iritsi, eta berehala konturatuko da ezer ez dela dirudiena. Herritarrek Tomas sakrifikatu egin nahi dute. Izan ere, bere arbaso batek sekulako sarraskia egin zuen herrian; eta ijito batek haren semea gizotso bihurtu zuen. Ehun urte dira herritarrak jaten (inoiz Santiago bidea egiten ari diren erromesen bat ere) hasi zela. Bere ondorengo bat sakrifikatu ezean, herritar guztiak gizotso bihurtuko dira; eta horregatik hil nahi dute Tomas; ijito hark botatako madarikazioarekin bukatzeko. Herritar guztiak gizotso bihurtuko dira, eta haien kontra egin beharko dute Tomasek eta bere lagunek. Orduan hasiko da akzioa.
Sitgesko fantasiazko jaialdian estreinatu zenuten. Nolako harrera izan zuen?
Hasieran ikaratuta geunden. Ikusleek beldurrezko generoaren parodia kutre bat pentsatuko ote dute? Baina kritika oso onak jaso genituen. Egoera eroak eta muturrekoak gertatzen dira film honetan; oso dibertigarriak gainera. Berez komedia bat da, baina umorea baino gehiago da. Ez da txiste errazez betetako komedia bat. Muturreko egoeratan sortutako eszena dibertigarriak dira. Akzioa dago, abentura dago… Beldurra eta tentsioa ere bai, gizotsoak ikaratzeko modukoak direlako. Hau ez da parodia bat, inolaz ere. Alderantziz, omenaldi bat da. Harry Potter-en eta Benicio del Tororen otsogizonaren filmeetan lan egin duten teknikariak izan ditugu lan taldean. Zuzendariak egoera komikoak ez ezik, beldurra eta ikara sortu nahi zuen. Barre egin, sustoa hartu, barra egin eta berriro sustoa hartu. Nahasketa egin du. Espainian ez dira halako ekoizpen asko egin, beraz, berezia da. Ez da modu kutrean egindako film bat. Bost milioiko aurrekontua izan dugu. Kalitatezko film komertzial bat lortu nahi zuten egileek. Komertziala zentzu onean; terminoak berez ez baitu zertan txarra izan behar. Eta azkenean emaitza ona lortu dugula uste dut.
Errodatze lanetan min hartu zenuela irakurri dut.
Bai, ‘ostia’ txiki asko hartu nituen. Pentsa… Carlos Areces aktoreak ‘Gorkarena egitea’ ostia bat hartzea zela esaten zuen. Baina bat batean ‘benetako ostia’ iritsi zen. Eszena batean jauzi egin eta itzulipurdi egin behar nuen. Baziren espezialistak, baina zuzendariak animatu egin ninduen: ‘Zuk egin Gorka, horrela hobeto geratuko da’. Niri gainera akzioa izugarri gustatzen zait; edozer egiteko prest agertzen naiz beti. Lehenengoan, bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean ondo egin nuen, baina bosgarrenean… Sorbaldan min handia hartu nuen. Ia ia ebakuntza egin behar izan zidaten. Azkenean fisioterapeuta baten laguntzarekin nahikoa izan zen, eta eskerrak, bestela errodajea gelditu behar zen.
Komedia egitea, beraz, ez da lan arina…
Ikusleek irudipen hori izan dezakete, baina guk lan gogorra egin dugu. Hamabi ordu ematen genituen jarraian lanean, egunero. Otsailean errodatu genuen Galizian, sekulako hotza egiten zuen; neka neka eginda bukatzen genuen. Oso esperientzia polita izan da. Gauza desberdinak egitea asko eskertzen dut, eta istripua izan arren oso ondo pasa nuen [barrez].
Zein alde dago Tomas eta aurretik egin dituzun pertsonaien artean?
Lan honetan bigarren pertsonaiei egokitu zaie beharbada komedia hutsa egitea. Nire pertsonaia heroia ere bada momentu batean. Haserretu egiten da, aurrera egiten du egoera zailetan… Pertsonaia serioa ere banaiz batzuetan. Badu beste alde desberdin bat; ez da beti txistea egiten duen pertsonaia. Erregistro desberdinak landu ditut. Gainera… Film honetan guztiz eraldatu egin naiz. Eta ikusiko duzue zergatik diodan… [barrez].
Miren Ibargurenekin ‘¿Estas ahi?’ filma aurkeztu zenuen duela gutxi. Lan hark ere bazuen zerbait fantasiazko komediatik…
Bai, kasualitate hutsa izan da. Miren Ibarguren nire neskalaguna zen, mamu bat. Baina hura komedia erromantikoa zen. Desberdinak dira, baina egia da, biek badute zerbait fantasiazko generotik.
Zer moduz zabiltza Madrilen?
Ba sei edo zazpi urte eman ditut han jada. Aurten 1936ko gerraren inguruan egindako ‘Plaza de España’ umorezko telesaila egin dut. Zineman badut proiektu berri bat. Hurrengoa astean Bilbon hasiko gara errodatzen ‘Ne Me Quitte Pas’ filma. Barbara Goenaga, Sara Cozar, Itziar Atienza eta Mikel Losadarekin. Euskarazko filma da. Urte asko dira euskaraz azken aldiz lan egin nuenetik, eta gogotsu nago errodatze lanekin hasteko. Aitor Mazok eta Patxo Telleriak zuzendu dute. Komedia erromantikoa da, eta gidoia oso polita da. Barre egiteko momentuak daude, baina drama momentuak ere badira. Egoera komikoak eta hunkigarriak nahasten dira. Iaz gidoia irakurri nuenetik gogotsu nago errodatzeko. Bilbon eta Bartzelonan errodatuko dugu. Gainera film honetan, hamalau urteren ondoren, berriz ere Barbarekin lan egingo dut. ‘Goenkale’-n lan egin ondoren berriz berarekin lan egitea polita izango da.
Beldurrezko Astearen jarraitzailea al zara?
Joan izan naiz zenbait emanaldietara. Egia da ez naizela generoaren jarraitzaile sutsua, nahiago dut Zinemaldira joan, baina baditut gustuko film batzuk. Pozik nago gonbidatu egin nautelako, eta gaurko proiekzioa lagun artean ikusteko aukera izango dudalako.